ARTEA

Català-Roca-ren maisulanak ikusgai daude Donostian

Ekainaren 1era arte, Francesc Català-Roca-ren (Valls, 1922 – 1998) argazkilari katalan bikainaren lanak bildu dituzte Donostiako Kutxa Boulevard aretoan, Maisulanak izenburupean.

Chema Conesa erakusketaren komisarioaren arabera, Catalá-Rocaren lana “argazkigintza dokumentalaren kantoi-harria da”. “Hark bezala ez zuen beste inork lehenengo intuitu eta gero eraiki diskurtso bat hain betea benetakotasunez, fedez eta ingurua ezagutzera eta geure burua ezagutzera bideraturiko irudien hizkuntzarekiko kontzientziaz”, gaineratu du.

Katalanak egunerokotasuna kliskatzen zuen, inolako esku-hartzerik gabe; uneak ziren bere lan-esparru, momentuak: “Haren eginkizuna uneak erreskatatzea zen, immobilizatzea, argazkiak berak garrantzitsu bihurtuko dituen uneak. Esku hartu gabe. Unea eta ikuspegia aukeratzeaz gain beste eraikuntzarik erantsi gabe”.

Argazkilari katalanak Cartier Bressón-en postulatu teorikoei aurrea hartu zien, eta 30 urte inguruko ibilbideak 200.000 negatibo “bikain” utzi zituen. Argazki horietan landa eta hiri jende umila ageri da, eta argazkiok egiterakoan Catalá-Roca urrundu egiten zen, irudietan inolako eraginik ez izateko: “Badaki distantzia zehatza errespetatzen lekukoaren kokalekutik kontatzeko, absente dagoen argazkilaria bezala, eta egitate hutsal bat argazki bihurtzeko sintesian asmatu egiten du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button