LITERATURA

“Julien Vinsonen hegaldia” lanaren aurkezpen musikatua, Bilbon

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak Patxi Zubizarretaren Julien Vinsonen Hegaldia (Alberdania) eleberri berriaren aurkezpen musikatua antolatu du bihar, irailak 19. Pello Ramirez musikariaren notek eta Maddi Oihenarten kantu tradizionalek Zubizarretaren testuak jantziko dituzte Babel izenburua daraman ikuskizunean.

Patxi Zubizarretak Julien Vinsonen hegaldia liburua udaberrian kaleratu zuen. Muinean gertakari historikoa du eleberriak (Julien Vinson euskalariak 1875eko martxoaren 29an Baionatik Iruñera globo aerostatikoz egin zuen hegaldia), eta horrekin batera, gaur-gaurko Euskal Herrian gauzatzen den trama ia detektibeskoa (Chiara izeneko euskalari italiarrak, nobelaren protagonista nagusiaren eskutik) txirikordatzen du Zubizarretak.

Argitaletxeak honela definitzen du lan hori: “Munduan askok bezala, cool edo exotikoa -edo erotikoa- zitzaiolako, 2015ean Chiarak euskara ikasteari ekin zion Boloniako unibertsitateko Lingua e cultura baska departamentuan. Geroago, 2108an, lau asterako Hendaiara etorri zen, Euskal Herrira bere antzera etorritako euskalariei buruzko lan bat egitera. Julien Vinson (1843-1926) Chiarak zerrendan zuen izenetako bat zen: heterodoxoa, gorria, darwinista, euskararen heriotzaren iragarlea; ausarta ere bazen eta parte hartu zuen, Baionan, 1875eko martxoaren 29an egin zuten globo hegaldian. (…) Julien Vinsonen hegaldia nobelak badu poesiatik -globo bat hegan poema bisual baten antzekoa da-, badu narratibatik eta historiatik -zein izan zen bidaiarien benetako helburua?-, badu folkloretik -denon baitan bizitza lokartu bat dago, besteak beste ipuin tradizionalen bitartez esna dezakeguna-, badu linguistikatik -hizkuntza bat ikasteak bi aldiz bizitzeko aukera eskaintzen du: beharbada horrexegatik izan ziren hain ugariak orduko bascologue edo euskalariak-. Simetrietan eta paralelismoetan aurrera, ipuinak eta garaiak txirikordatuz, hemen daukazu Saturno aerostatoa, zu igotzeko, goratzeko eta aireratzeko prest.”

Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) Euskal Filologia ikasketak egin zituen. Ume eta gazte literaturaren arloan esperientzia zabala du, eta  helduei zuzendutako hainbat lan arrakastatsu ere idatzi ditu. Hiru aldiz irabazi du Euskadi Saria, haur eta gazte literaturaren arloan, eta horrez gain, Ala Delta Saria (Edelvives), Ignacio Aldecoa Saria edo Donostia Hiria Saria irabazi ditu, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button