LITERATURA

Julen Belamunok “Ukabilak eta loreak” kaleratu du

Atzo, Donostiako elkar aretoan, Julen Belamuno (idazlea) eta Xabier Mendiguren (editorea) bildu ziren, lehenaren Ukabilak eta loreak (Elkar) lana aurkezteko.

Titulua liburuaren barruko orriotan topatuko dugun ipuin batekoa da. Oso Gauza Ohargarria, Gauaren Altzoan, Aitaren Ezinean, Bizitzaren Zentzua, Evening Star, Txarrena Opa edota Egonerako Egunak dira irakurriko ditugun beste ipuinen tituluak.

Eta istorioak? Senarraz aspertuta, abentura zirraragarri batean katramilatu den emakumea; arrakastaren gazi-gozoetan, aspaldi galdutako aitaren oroitzapenari aurre egin behar dion zinemagilea; errebantxa-konbatearen aurrean, bizitzaren borrokan ere zirt-zart egin behar duen boxeolaria…

Elkar argitaletxeko ordezkariek adierazi dutenez, “pertsonaien barrenean sartzeko abilezia aparta erakusten du Julen Belamunok estilo zehatz bezain dotore batean idatzitako istorio hauetan: izaki bakartiak gehienetan, bizitzak edo inguruak gaizki tratatuak sarri, bere burua gobernatzen ere asmatzen ez dutenak… Gizajoen katalogo bat, sakon-sakonean gutako edozein ere izan daitekeen bezalakoak”.

Julen Belamuno (Azpeitia, 1959). Ekonomiako eta Filosofiako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle eta itzultzaile lanetan ibilia da, eta egun herri administrazioko langilea da. Kontakizun bilduma hau da argitaratu duen lehen liburua. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button