LITERATURA

Juanra Madariagak mendia eta literatura uztartu ditu liburu berrian

Juanra Madariaga (Bilbo, 1962) idazleak Espedizioa. Mendi ororen pisua izenburuko liburua aurkeztu du gaur, Bilbon. Poetak estreinakoz argitaratu duen narratiba lana da, eta bertan, media, bere zaletasuna nagusia, eta literatura, bere bigarren pasioa, lotu ditu.

“Mendia desmitifikatzen saiatu naiz; menditik itzultzerakoan ematen du indartsuak garela, baina asko sufrituta bueltatzen gara”, esan du poeta bilbotarrak. Horretarako, askotariko testuak txertatu ditu liburuan, ez baita bidaia-liburu bat edo mendi generoko idatzi bat. “Mendia da protagonista nagusia (mendian hildakoak, alpinista handiak…), baina baita nire oroimenekoak ere, eta horiek modu poetikoan kontatzen saiatu naiz: mendiko bakardadea, pertsonekiko loturak eta desloturak, mediku bizipenak…”, azaldu du.

“Mendiak hondarra uzten dizu, eta mendia bizitzaren metafora ere izan daiteke; beraz, nire bizitza ere hor dago”, gaineratu du. Horrekin batera, Nepalgo kultura ere islatu nahi izan du. “Presentziak eta desaparizioak” ere nabarmenak dira testuan. “Esan ohi da muturreko esperientzietan presentziak sentitzen direla, eta nik sentitutako presentzia ere kontatu dut, baina baita desagertzeak ere”.

Liburuak 2011n dauka abiapuntua, izan ere, urte horretan Juanrak Shisha Pangma Himalayako mendirako espedizioa egin zuen, eta aldean Unai Elorriagaren SPrako tranbia liburua eraman zuen (Unai ere aurkezpen-ekitaldian izan da, Kepa Soto editorearekin batera). Bada, Elorriagaren liburua aitzakiatzat hartuta, Madariagak eguneroko bat idatzi zuen, bai eta ideia horren inguruko irudiak batzuk jaso ere, Himalayan.

Hala, bere helburuetako bat izan zen liburuaren kapitulu bat irakurtzea tontorrean, bai eta lortu ere. “Unairen liburua izan zen hari nagusia, baina hari horretatik gehiago atera ziren, eta azkenik, liburua gauzatu da”, azaldu du Juanrak.

Saltoka irakurtzeko liburu egokia dela esan du Elorriagak, baina liburuaren kutsu poetikoa ere azpimarratu du. “Hainbat kontu biltzen dira (literatura, mendia, osasuna…) eta denak egin zaizkit erakargarri, baina ukitu poetikoa asko nabaritzen da, perla poetiko asko baitaude”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button