Nontzeberri

Juan Kruz Igerabide idazleak “Noiz arte arrazoi” aforismo-bilduma aurkeztu du

Atzo, Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak, Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak lagunduta, Noiz arte arrazoi izenburuko aforismo-liburua aurkeztu zuen.

Liburu honetan bildutako aforismoen abiapuntua Adam Zagajewski poetaren gogoeta batean kokatu du Igerabidek: “Aforismoak, ados; baina, noiz arte izan dezakegu arrazoi?”
Igerabideren esanetan, aforismoak, arrazoia baino areago, konstatazioak dira, argazkilari batek objektua uste gabeko angelutik harrapatzen duenean bezala.
Modu askotakoak izan daitezke. Batzuetan, arrazoizko konstatazioak dira, zuzenean eginak (“Etika komeni den komenientziaren araberakoa da”), beste batzuetan, konstatazio hiperbolikoak (“Autorretratuek munstrokeria betikotzen dute”), edo paradoxaren bidez arrazoiari irtenbidea ixten diotenak (“Metodo zientifiko ahalguztidunaren arrakalak ere ahalguztidunak dira”).

Liburuko aforismoak hainbat multzotan jarri ditu idazleak: “Aforismo psikologiko-existentzialak, adibidez, ugari dira, han-hemenka txertatuak (“Ulertzen dudan orok beste ulertze bat ere badu”); horien ondotik, aforismo sozialak dei daitezkeenak badira (“A ala B aukeratzeko agintzen didatenean, alfabeto osoa etortzen zait burura”); arteari buruzko gogoetak ere txertatzen dira, arrazoia, zientzia, paradoxa, txirikordatuz (“Arteak errealitatea erretratatzen du, beste aldera begira”)”.

Lan honetan ere Igerabidek  aforismoari buruzko gogoetak sartu ditu, eta horiek guztiak azken eranskin batan bildu ditu, aforismoaren historia ere laburbilduz, aforismoaren eragin psikologikoaren ikuspegitik.

Gaur berton, Alberdania argitaletxean, 00:00etatik 24:00etara, Noiz arte arrazoi liburua formatu elektronikoan erdi-prezioan eskuratu ahal izango du hala nahi duenak.

Exit mobile version