LITERATURA

Joxean Agirrek eta Iñaki Irasizabalek lan berriak kaleratu dituzte

Bi argitalpen berri kaleratu ditu Elkar argitaletxeak egunotan. Joxean Agirreren Ispiluak eta Itsasoak lehena eta Aramotz bestea, Iñaki Irasizabalena.

Joxean Agirre (Azpeitia,1949) Zarautzen bizi da gaur egun. Soziologia ikasi zuen Parisen, Kazetaritza Leioan, eta bizimodua kazetari lanetik atera badu ere, literaturagile fin eta pertsonal gisa estimatzen dute gero eta irakurle eta kritikari gehiagok.

Beste eleberri batekin datorkigu Agirre. Kontakizunaren abiapuntua Zestoako bainuetxea da eta Belle Époque garaian kokatzen du istorioa, 1920. urtean hain zuzen. Kontakizunaren inspirazio iturria, bere ama izan du gainera, gaztetan amak bertan lan egin baitzuen. Hala, 16 urteko neska gazte bat da protagonista, Maria Garrastazu, neska eder eta argia. Monsieur Perrin izeneko bezero batek, dandya izatez eta ispilu marka bateko saltzailea ogibidez, berarekin lan egitea proposatuko dio, eta, gurasoak Aizarnako baserrian utzita, bere bizitzako lehen bidaiari ekingo dio, lehenik Biarritzera eta Parisera gero. Editorearen esanetan, “dotoreziaz eta xalotasunez kontatzen digu Joxean Agirrek istorio hau, Belle Époque-ko edertasun eta xarma eta gaztaro galduaren ukitu nostalgikoa batzen dituena.

Eta bigarren proposamena, Iñaki Irasizabal (Durango, 1969) idazlearen Aramotz eleberri berria da eta thriller psikologikoaren eta terrorezkoaren osagaiak batzen ditu nobela labur baina trinko honetan.

Elkar ezagutzen ez duten bi neskek, Saioa eta Edyk, topo egiten dute pisu batean droga erosten. Aurretik pentsatu gabe, zoritxarreko gertakarien katean, haietako batek saltzailea hil egingo du, eta, atrakatzaileen mendeku ziurraren beldurrez, biek ihes egin beharra izango dute. Saioak urte batzuk lehenago psikiatriko bateko egonaldian ezagututako Landerri deituko dio, mutil isil eta misteriotsua. Landerrek lagundu egingo die, eta mendialde bakarti batean galdutako txabola ezkutu batera eramango ditu, gauzak baretu arte. Bere bakardade eta edertasunean, aldi berean paradisu eta infernu bihurtzen zaie naturaren erdiko paraje ahaztu hori: hirurak ere elkarri begira daude, mesfidantzaz, jokoa bere aldera eramango duen karta ezkutua noiz aterako zain.

https://www.elkarargitaletxea.eus/liburuak/default.cfm?hizkuntza=1&atala=nobedadeak

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button