MUSIKA

Musikaire jaialdia asteburu honetan hasiko da

Hil honetan, Elorrioko Musikaire jaialdia egingo da, eta ohikoa denez, askotariko estiloak jorratzen dituzten artistak bilduko ditu: folk, rock, musika etnikoa…

Hala, lehenengo asteburu honetan, Bombino eta Anni B Sweet musikariak izango dira protagonistak, hilaren 3an eta 4an, hurrenez hurren. Bi kontzertuak Tola jauregian egingo dira, 22:30ean.

Ostiralean, hilak 3, Bombino afrikarra izango da aipatu jauregian. Omara Moctar Bombino Nigerrekoa da, tuareg ugariko eskualdekoa, gitarra-jotzaile eta konpositorea, rocka eta musika tradizionala uztartzen ditu bere proposamenean.
Jaialdiaren arabera, “Bombinok gitarra jotzeko orduan erakusten duen birtuosismoak zenbait totemekin aldera dezaten eragin du, esaterako, Jimi Hendrix, Carlos Santana edo Neil Youngekin, eta ez da harritzekoa: Bombinok hipnotizatu egiten du bere basamortuko bluesarekin, eta hori artista gutxi batzuek baino ezin dezakete lor”.

Larunbatean, berriz, Ana López konpositore, abeslari eta gitarrista malagarra izango da, Anni B Sweet izenpean. Andaluziarrak folk, pop eta indie-a nahasten ditu, eta gaur arte hiru disko argitaratu ditu, berriena aurten, Chasing Illusions. “Soularen, rockaren eta new wave delakoaren artean mugitzen da”.

Igandean amaituko da Musikaire jaialdiaren lehenengo asteburua, opera komiko batekin: Mozkorra parregarri. Emanaldia 19:00etan hasiko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button