LITERATURA

Josu Goikoetxearen eta Martin Etxebarriaren poesia lanak argitaratu dituzte

Bi poesia lan berri argitaratu ditu Elkar argitaletxeak egunotan. Zer luzea negu hau poesia lana lehena,  Josu Goikoetxea gernikarraren lehen lana. 1974an Gernikan jaioa,  bertsolaritza munduan ibilia izanagatik  da ezaguna Goiko, telebistako aurkezle eta batez ere bertso saioetan gai jartzaile lanetan. Honakoan ordea, idazle gisara estreinatu da Elkarren eskutik argitaratu berri den poesia lan honekin.

Argitaletxearen esanetan,  “bizitzaren erdi parean dagoen pertsonaren balantze baten antza hartzen zaio batzuetan”. Bertan, giza harremanei buruz ari da, guraso zaharrekiko harremanaren inguruan, esaterako. Edota alaben erreferentziak ere agertzen dira. Oro har “bizitzari emandako begirada heldua” da Goikok dakarren proposamena, “pasatakoen esperientziak emandako soseguarekin baina adimena errealitate berriei pizturik duenaren ernetasunarekin”, editorearen esanetan.

Ia hogei urte dute poema zaharrenek, eta idatzi berriak dira azkenak, datarik gabe dauden arren. Batzuetan nahiz besteetan, “sentiberatasun fin bat nabarmentzen da, dotorea, alferrikako enfasirik gabea, gauza txikiei azpildurak ateratzen dakiena eta bizitzan giltzarri diren gertaerei patxadaz eta ironiaz erreparatzen diena”.

Eta Elkarrek dakarren bigarren proposamena, Martin Etxebarria (Zaratutz, 1974) idazle beteranoaren Winston poesia lan berria da. Zarauztarrak ia 20 urte daramatza poema liburuak kaleratzen, batetik bestera sei bat urteko tartea utziz.

“Poeta heldu eta ofiziodunaren aztarnak” nabari dira lan berri honetan, baina baita egilearengan ohikoak diren ezaugarriak ere, “freskotasuna eta harridura sortzeko gaitasuna”, besteak beste.

Egunerokotasuna da Etxeberriaren poesiaren lehengaietako bat, baina “kostunbrismotik ihesi, irauli egiten du errealitate hori. Surrealismo neurtu bat da beste oinarri bat, irudimena dantzan jartzen duena. Eta horiekin batera erotismoa, erreferentzia kulturalak, umorea… bizitzaren alderdi askotarikoak, begirada jolasti, zintzo eta zorrotz baten iragazkitik pasata”, azpimarratu du argitaletxeak.

https://www.elkarargitaletxea.eus/liburuak/default.cfm?hizkuntza=2&atala=katalogoa

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button