MUSIKA

Joserra Senperenaren disko berria kalean da, “Existentzia minorrak”

Hiru hamarkada daramatza Joserra Senperenak antzezlan, zinema eta musika egitasmoen aranetan barrena bidaiatzen, eta bidaia horretan, ongi ardaztutako pasio zerrenda eklektiko eta luzeak osatzen du bere ibilbidea. Hala ere, bere musika propioarentzat espazio intimo bat garatzeko lekua ere egin du.

Fito y los Fitipaldis, Duncan Dhu eta Bide Ertzeanekin teklista leial ibili da Senperena, La Buena Vidaren moldaketen egile, David Quinzanen ekoizle, edo sortzaile lanetan Rafa Berriorekin, esaterako. Orain ordea, bere pianoaren doinuak haizaratzen dituen lan berria kaleratu du: Existentzia minorrak.

16 kantu bildu ditu oraingoan Joserra Senperenak bakarkako piano lan honetan eta musika klasikoarekin gaztaroan izandako lehen harremanera itzuli da. Urte hauetan guztietan maitatu eta landutako beste musika estilo batzuekin elikatu eta uztartzen du estilo klasikoa lan berrian, osagaiak naturaltasunez nahastuz. Esaterako, pop musikaren zehaztasun narratiboa eta XIX. mende amaierako inpresionismoaren sentsazio eta kadentzia askeak; edota Schuberten erromantizismoa, jazzaren disonantzia iradokigarria eta Nino Rotaren mugimendu armonikoak. Existentzia minorrak laneko piezek, honenbestez, “intuizioaren eta planifikazioaren arteko bidegurutzean topo egiten dute, jira-bira harrigarriak eta hausnarketa pausatua bateratuz”, argitzen du  Ricardo Aldarondo kazetari eta musika kritikariak.

Disko honetan murgilduta zebilela, Euskadiko Filmategiak Buster Keatonen Nabigatzailea (1924) filmaren errestaurazio digitalaren proiekziorako musika egiteko enkargua egin zion Senperenari, eta disko honetarako lantzen ari zen piezetako zenbait moldatu, garatu edo birsortu egin zituen jasotako enkargura egokitzeko. Hortik gero, diskoko hainbat kanten izenburuak Keatonen pelikulatik eratortzearen zioa, nahiz eta lotura zinematografikoekin zor agerikorik ez izan.

Hala, diskoko Elkarren orbainak piezan bere alderdirik lirikoenean murgildu eta Schuberten 3. Impromptuarekiko debozioa aitortzen badu ere, Keaton piezaren baitan erritmo arina bilatzen du. Haizegoan, ostera, kuttun dituen beste konexio batzuk agertuko zaizkigu: Mikel Laboarekiko keinu ezkutuak, esate baterako, hark Atahualpa Yupanquirekin zuen konexioa.
Badira hiru bals ere, jeneroak bere duen kadentzia barea apurtzen dutenak: erromantikoena Mal de Montagnes bada, Gaumina Senperenak maisutasunez lantzen duen melodiaren eta atonalitatearen arteko dualtasunaren adibidea litzateke.
Haurrentzako piezen airea dutenak ere badira: Heroitxoarena, eta, bereziki, Itzal antzerkia. Itxurazko nahasmena eta disonantzia baliatzen ditu Ziurgabetasuna kantuan, eta ezinegonean eta larritasunean murgiltzen da Elektrizitate estatikoa-n, baina beti ere  melodiari zentzua ematen dion gertuko eta ulerterraza den lengoaia erdietsiz.

Existentzia minorrak diskoak areagotu egiten du xehetasun ttipiak finkatu eta oharkabean pasatzen dena atzemateko duen gaitasuna, Senperenak hain bereak dituen paisaje abegikor bezain zabalak aberasten jarraitzeko. Konpositore eta interprete gisa etengabe hazten doan egile baten lana da hau, garai edo espazio musikal jakin batean bertan goxo geratzeari uko egiten dioten musikari aitzindarietakoa baita Senperena, basoan barrena bere bidea ireki zale”, laudatu du Ricardo Aldarondo kazetari eta musika kritikariak.

Diskoaren informazioa eta zenbait doinu dastatzeko joan joserrasenperena.com web atarira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button