Nontzeberri

Joseba Irazokiren kontzertua, Berako “Kultur Pilulak” saioan

Bera herriak antolatzen dituen Kultur pilulak programak bere hirugarren hitzordua izango du bihar, ostiralean, maiatzaren 22an, 18:00etatik aurrera. Kontzertu horretan Joseba Irazoki ikusi eta aditzeko aukera egongo da.

Jakin-mina bere baitan errotua duen gitarrista polifazetikoa da Joseba Irazoki (Bera, 1974), konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa lantzen du musikari nafarrak.

Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak 2014an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa, eta lau urte igaro ostean, bere bigarren lana bere lagunekin Zu al zara?  (Bidehuts, 2018) diskoa grabatu eta argitaratu zuen. Bere esanetan, “uste dut besteentzako jotzen dudanean gehiago eskatzen diodala nire buruari, eta aldiz, niretzako denean, utziagoa naizela. Nire lanei ere arreta handia jartzen diet, noski baietz, nire izena doa hor!.  Nire kontuetara ari naizenean lan sortzaileagoa izan ohi da, eta besteentzat ari naizenean teknikoagoa”.

Irazoki, halaber makina bat talde eta artistarekin ere aritzen da, tartean Atom Rhumba, eta Duncan Dhu, Mikel Erentxun eta Nacho Vegasekin ere jotzen du.
“Irazokik agerian uzten digu bere soinu unibertso joria, tarteka bortitzak izatera iristen diren instrumentu joaldi txundigarriak samurtasunaren eta amorruaren artean murgiltzen diren kantekin batuz, ahotsa modu dotore bezain durduzagarrian erabiliz; nolanahi ere, harrigarria”