MUSIKA

Joseba Irazoki eta Lagunak, Bilboko Kafe Antzokian

Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak 2014an argitaratu zuen estreinako lan homonimoa, eta lau urte igaro ostean, egitasmoaren buru Irazoki bere lagunekin bildu da berriz ere Zu al zara? izenburuko lana grabatu eta argitaratzeko. Bigarren disko hori ere Bidehuts markapean atera da, eta Irazokiren koadrila  jada zuzenean ari da aurkezten lan hori.

Hala, bihar, hilak 21, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza gunean izango da, 20:00etatik aurrera.

Irazoki, halaber bakarka eta makina bat talde eta artistarekin ere aritzen da, tartean, Nacho Vegas; hain zuzen ere, musikari asturiarrak idatzi du Zu al zara? grabazioaren promozio orria, eta Vegas honelako laudorioak bota dizkio Berako musikari trebeari: “erranen nuke bere osotasunaren erakusgarria dela orain Lagunak taldearekin ekarri digun Zu al zara? (Bidehuts, 2018) diskoa. Bertan, taldearekin batera, Irazokik agerian uzten digu bere soinu unibertso joria, tarteka bortitzak izatera iristen diren instrumentu joaldi txundigarriak samurtasunaren eta amorruaren artean murgiltzen diren kantekin batuz, ahotsa modu dotore bezain durduzagarrian erabiliz; nolanahi ere, harrigarria. Baliteke Euskal Herrian izatea nolabaiteko triangelu soniko bat, zeinaren erpinetan Lisabö, Mursego eta Joseba Irazoki eta Lagunak dauden, eta haren aldeak izatea ozeano bat bere baitan biltzen duten mugalerroak, abanguardia musikala rock garaikidearekin eta folk tradizioarekin gurutzatzen den lekua; hori dena hartuz halako zentzu zabal batean, zeinari bakarrik antzeman dakioke artista hauen obretan murgilduz”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button