Nontzeberri

Joseba B. Lenoir Gang, The Lookers eta Perlak, Musika Zuzenean webgunearen alde

Urriaren 2an, Musika Zuzenenan webgunearen aldeko kontzertua egingo da Andoiango gaztetxean, 22:00etatik aurrera. Emanaldian, Joseba B. Lenpoir Gang, The Lookers eta Perlak taldeek parte hartuko dute.

Joseba Baleztena edo Joseba B Lenoir (gitarrak eta ahots nagusia) buru duen egitasmoa da Joseba B. Lenoir Gang. Berako musikariarekin batera, hauexek aritzen dira agertokian: Felix Buff (bateria) eta Xan Bidegain (baxua eta perkusioa), eta Napoka Iria taldeko Miren Narbaiza (gitarra elektriko eta akustikoak, ahotsak eta perkusioa) eta Ander Mujika (gitarra eta ahotsak). Iragan martxoan abiatu zuen proiektua Josebak, eta harrezkeroztik, jo eta su ari da banda zuzenekoetan, oraindik diskorik argitaratu ez duten arren.

Ziburuko The Lookers hirukoteak, berriz, binilozko hamar hazbetekoa argitaratu zuen iaz: Never Has Control. Diskoa Irungo Bloody Mary disko-dendan abiatu duen zigiluaren estreinako grabazioa da. Diskoak lau kantu biltzen ditu. Eragin klasikoagoak bildu dituzte lau doinu horietan: The Beat, The Creation, Eddie and the Hot Rods…. Mikel Insausti kazetari eta rock-and-roll zalearen hitzetan, kantuok asko iraungo dute, eta The Lookers-ek etorkizun oparoa du aurrean.

Azkenik, Perlak talde gaztea da, eta Zarauztik dator; oraintsu, lan homonimoa argitaratu du, autoekoizpenaren bidetik. Taldeak euskaraz abestutako post-punk erritmo ilun bezain dantzagarriak jorratzen ditu, Joy Division, The Cure edo Belako taldeen antzera.