ARTEA

Jose Ramon Andaren atzerabegirakoa ikusgai, Kubo-Kutxa Espazioan

Donostiako Kubo-Kutxa espazioan, gaur arratsaldeko 19:00etan inauguratuko den Jose Ramon Anda eskultorearen atzera begirakoa bisitatu ahalko da, datorren abuztuaren 25era bitarte.

91 eskultura lanez osatzen den erakusketak bere lanerako tokiaren izena darama: Lantegi,  maketa, material, makina eta erremintez jositakoa. Lantegi hori, bere ekosistema kuttuna da, bertan etengabe sortu dituelako bere produkzio artistiko ia guztiak. Eta gainera, zurezko lantegiarekin lotutako familia-tradizioko memoria da.

Eskultorearen aburuz gainera, “lantegi  hitza, herri basoen aprobetxamendurako lanekin ere lotzen da, herritarren mesederako eta herritarren artean banatzeko egiten ziren lanekin, hain zuzen”. Hala, Sakanako Bakaiku inguruko basoetatik lortzen ditu funtsean Andak, eskulturak egiteko materiala, bertakoa baita bera.

Zura da hortaz Andaren obraren oinarri, eta hein handi batean, inspirazioa ere bai. Eta enbor bakoitzaren ezaugarrietara egokituko ditu bere lanak, egur horien bolumenaren, kalitatearen eta espeziearen arabera.

Erakusketa lau gunetan banatuta dago, eskultoreak garatu dituen serieak bisitariari aurkeztu ahal izateko. Erakusketa honetarako ex profeso egindako azken lanak ere ikusgai ditugu. Hala, barreiaturiko zenbait kubo eta kutxa, elkarrekin bat egiten duten pieza zirkular eta sabeldunen bariazioak, obeliskoak, argiarekin jolasten duten hilarriak eta zintzilika dauden pieza arinak dira, besteak beste, bisitariak goza ditzakeen artelanak. Nabarmentzeko lanak dira baina, areto nagusian ikusgai dauden tamaina handiko piezak: Enbor hutsak eta Plano gurutzatuak;  “naturaren eta arrazoiaren arteko konbinazioa muturrera ematen duten obrak, ertz bizien eta birsorturiko ehundura begetalen bidez eginak”, artista nafarraren hitzetan.

Erakusketaren eta artistaren informazio osoa duzue, Kubo Kutxaren web atarian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button