ESZENA

Jose Maria Usandizagaren “Mendi-Mendiyan” operaren estreinaldia, Bilbon

Bilboko Arriaga Antzokiak Calixto Bieitok zuzendutako Jose Maria Usandizagaren Mendi-Mendiyan euskarazko opera handia ekainaren 20an estreinatuko du. Gainera, bigarren emanaldi bat ekainaren 22an burutuko da, eta egun horretan, opera kalera ateratzeko eta ikuskizun handi hori jendearengana hurbiltzeko helburuz, Bilboko bost puntutan jarriko diren pantaila erraldoietan ere ikusi ahal izango da. Astebete geroago, ekainaren 29an, ekoizpen lan hori Donostiako Kursaal Jauregian ikusi ahalko da.

Usandizaga maisuaren musika konposizioa Bilboko Koral Elkarteak 1909an agindutako opera izan zen, 1910eko maiatzaren 21ean Campos Eliseos Antzokian estreinatu zena. Datorren astean, 109 urte geroago, Bilboko Korala berriro izango da oholtza gainean bakarlari seikote paregabe batekin.
Musika Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS) jarriko du eta berau Erik Nielsenek gidatuko du. Ahotsak Mikeldi Atxalandabaso, Olatz Saitua, Christopher Robertson, Jose Manuel Diaz eta Gexan Etxabe bakarlariek jarriko dute, eta eurekin batera Ausrine Stundyte soprano lituaniarrak hartuko du parte (euskara ikasten aritu da jo eta ke, testuak behar duen ahoskera jasotzeko).

Calixto Bieitok zuzendari artistikoaren hitzetan, “Mendi-Mendiyan lanak ikuskizun handien osagai guztiak ditu, obra sinbolista da, testu eder-ederra duena, musika eta testua uztardura perfektuan dituena, … hitz batean, ikuskizun esentziala da”.

Eta diogun bezala, lehen mailako ikuskizun lirikoaz kalean gozatzeko aukera eskainiz, Mendi-Mendiyan kalera irtengo da ekainaren 22an, 19:30ean. Emanaldia pantaila erraldoiak izango dituzten hiriko bost puntutan (Ibarrekolandako plaza, Errekaldeko plaza, Otxarkoagako Angela Arregi plaza, Zorrotzako pilotalekua eta Azkuna Zentroa) zuzenean eskainiko da.
Horretaz gain, Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasterio adituak Mendi-Mendiyan lanari eta Jose Maria Usandizaga egileari buruzko hitzaldia eskainiko du euskaraz, 19:00etik aurrera, bi emanaldiak izan baino ordu erdi lehenago, “agertokian ikusi ahal izango denaren aurrerapen gisa”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button