Nontzeberri

Jose Enrike Urrutia Capeau artistaren obra, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan

Jose Enrike Urrutia Capeau artistak erakusketa ikusgarria zabaldu du Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan. Margolanak apirilaren 30era bitartean ikusi ahalko dira.

Erakusketa eta margolariaren figura zertan den jakin ahal izteko, hona hemen Joseba Sarrionandiak idaztitako testua.
“Ebroko baserria ja ez ei dago Durangotik zubia pasatu eta Iddorretako sarrera zaintzen, baina nik hantxe imajinatzen dut Jose Enrike praka laburrekin eta estanpa liburu bat eskuan, orriak pasatzen, eta orrien ertzean, hantxe aurreko Ibaizabaleko ur herdoil kolorekoa marrazten eta karretera jeneraleko kotxeen abiantzadaz idazten, eta gero ez dut zertan imajinatu, begiak itxita gogoratzen dut Kurutziagako jesuitetan ikastetxeko patioan 100 metroko arineketan, frankismoaren eta ergelkeriaren erresumatik eskapatzeko entrenatzen, 100 metro ez, baizik maratoi amaitezin bat tokatu zaigun arren gero, eta irakurtzen hasiko zen orduan, eta futbolean, eskuineko aurrelari moduan milioiko etxeetarantz jaurtitzen, eta ezkutuan erretzen, celtas laburrak edo tabako errubioa, Padre Daguerregaz frantsesa ikasten, eta behelainotan pintatzen, Joan Mirórenak bezalako formak eta mantxak, buruz behera interpretatzen zituenak Jose Julianek, eta uste dut abokatu ikasketak egin zituela aita konforme uzteko, koadrila alegerarekin tabernaz taberna edaten zuen artean Deustuko iluntzea, edo milimetroaz maitemindu zen elefantearekin konspiratzen zuen goizaldean argiaren bila, eta hala eraman gintuen behin Barkoxera hango mendi barrenei argi berezia zeriela kontatuz, eta etxean bezala sentitu ginen lekutan, mihinaren gainetik urnetan kenduta zizkiguten euskal berbekin solasean, hagatik du Jose Enrikeren euskarak Iddorretakoaren eta aldi berean Barkoxekoaren soinua, eta Momoitioko gorpezurrena eta Erronkariko elur ur latsena, eta argiaren bilaketak okerbideak dituenez, 1981eko otsailean Tejeroren estatu kolpean parte hartu zuen tanke batetan sartuta, baina bere buruaren jabetza errekuperatuz Tangerren jarraitu zuen argia bilatzen, eta txokolatea erretzen, eta orduan pintatutako koadroa daukagu salako etxean eta egia da muino gaineko etxeak amaitu gabe ematen duela, baina gertatzen zen etxekoek argia edaten zutela, eta gero, Jose Enrikeren bizitzaren errepasoarekin jarraitzeko, non zebilen Karmelo galduta han galdu zen Kapo ere, amamaren isilpeko artxipielagoan, malekoiko harresiaren gainetik oraindik kokuioak zebiltzala, Casablancako Kristoak uda arratsaldeetako ekaitz oineztarriak saihesten zituela boseolariak kontrarioaren kolpeak bezala, eta hala heldu zen denborarekin Jururúko badiara, giza-begik begietsi duten lurralde ederren eta atseginenera, non eta eguzkia kasabearen tamainukoa den, koadroetan pintatu duenez, eta hor ibili da azkenengo urteotan obserbazioaren objektibitatearekin ziguatera aztertzen, geometriaren subjektibitatearekin flamboianaren itzalaren margoa estimatzen, ametsen munduko bide helburu gabeekin hausnartzen, beste zibilizazio batzuren ezagutzaz guajiroekin eztabaidan, eta 12 gradu duen Hatueyrekin politikaz eta arteaz panfletoak zirriborratzen, hau da, errealitatea pintura eta literatura bihurtzen, eta gainera, pintura eta literatura errealitate bihurtzen, eta Jururúko argia enboteilatzen ikasi duenez gero, enkoadratzen esan nahi dut, argi apur bat horruntz eramaten ere hasi da, Ebroko baserririk ja ez ei dagoen arren, Iddorretadurangoetara bueltatzen delako Kapo lantzean behin, domusantu egunean eta beste batzuetan, bere argi arraroekin, ze badakizue zer esan zuen Jose Martik, bi aberri zituela, Kuba eta gaua, baina Kapok Jose Julianek baino aberri gehiago ditu, Euskal Herria eta Kuba, gaua eta argia, pintura eta literatura, iraganari zorra eta alegrantzia, eta gainera, e’npresa bat kudeatzen du inportazio-esportazio imajinarioena, koloretako amuak ekartzen ditu Sortaldeko arradetara eta argi enkoadratua eramaten du horruntz, denok edateko bezainbeste, Jururúko argitik, Jurantzoneko arnotik edo Santiagoko erronetik bezala, ez dago motiborik pentsatzeko Jururúko argia gorputzarentzat eta gogoarentzat onuragarria ez denik, hor duzue erakusketa eta, orduan, zabaldu begiak eta edan lasai koadroei darien argitik, hor dituzue formak eta koloreak eta, aspaldiko ipuin batean Jose Enrikek berak Rabelaisen aipu batekin gonbidatzen zigun legez, Lagonak, edatera!, ba horixe, lagunok, hortxe dugu koadroetako argia begietatik edateko.”

Exit mobile version