Nontzeberri

Jose Arrue pintorearen lanak, Bizkaiko bost erakusketa-espaziotan

Jose Arrue pintorearen lanak Bizkaiko bost erakusketa-espaziotan ikusgai jarriko dira, Jose Arrue barrutik proiektuari esker. Euskal Herria Museoa, Arrantzaleen Museoa, Euskal Museoa, Ondare Aretoa eta FIG Bilbao espazioak aukeratu dira euskal kulturaren hainbat irudi erretratatu dituen pintorearen obrak erakusteko. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu du pintorearen lanak erakusteko ekimen hori.

Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Lorea Bilbaoren hitzetan, “pintorearen ekarpena erakutsi nahi dela Bizkaiko kulturan eta gizartean, euskal Kostunbrismoa hoberen ordezkatzen duen artistetako bat delako”. Erakusketa horien bidez, Arrue hurbilena eta ezezagunena ikusiko da, euskal imajinarioaren pertsonaia arketipikoen, paisaien eta ohituren isla bereziarekin. Olio-pinturez gain, ohiko bizimoduko tresna batzuk ere erakutsiko dira.

Hortaz, erakusketetan, “artistak ilustratu zituen bost gai ikusi ahal izango dira: pertsonaia arketipikoak, paisaiak, ohiturak, euskal kostaldearen bistak, ohiko bizimoduko tresnak erakusten dituzten pinturak, bere erretratu intimoena eta egin zituen grabatuak”.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, azaroaren 15etik 2020ko ekainaren 28ra bitartean ikusi ahal izango da José Arrue barrutik erakusketa. Azaroaren 15ean, Ondare aretoan Campesinos/Baserritarrak lana erakutsiko da. Lan hori Bilboko Arte Ederren Museokoa da, eta astebetez bakarrik erakutsiko da areto horretan, azaroaren 23ra arte.
Abenduaren 5etik 2020ko apirilaren 19ra bitartean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Jose Arrue eta itsasoa proiektua erakutsiko da. Izan ere, itsasoa garrantzizko elementua izan da bere ibilbide piktorikoan, eta Bakio, Bermeo eta Sopela kostaldeko guneak bere pinturaren inspirazio-iturri izan ziren, baita bertako biztanleak ere.

Azkenik, Bilboko Euskal Museoan Jose Arrue, herri-kulturaren adierazlea izeneko erakusketa izango da ikusgai, 2020ko urtarrilean eta otsailean. Bertan, Euskal Herriko ohiturak eta pertsonaiak erakutsiko dira.

Antolatzaileek adierazi duten moduan, “bere lanetan ondo islatu zituen gure dantza, folklorea, gastronomia, itsasoa, mendia, nekazaritza eta, batez ere, biztanleak. Emakumeek eta gizonek bizia hartzen dute pintore bikain honen lanetan”.

Erakusketen inguruan hainbat ekitaldi paralelo ondu dira. Hala, gaur berton, azaroak 20, Bilboko Ondare aretoan, Jose Arrue barrutik gaiari buruzko mahai-ingurua egingo da Jose Antonio Larrinaga, Felicitas A. Lorenzo, Arantxa Pereda eta Roberto Saenz de Gorbea adituekin.  Urtarrilaren 30an, Amaia Mujikak Arrue eta euskal soineko tradizionalak hitzaldia egingo du, Bilboko Euskal Museoan, 19:00etan. Eta azkenik, otsailaren 27an, Miren Agur Meaberen Leihoak/las ventanas kontakizunaren aurkezpena egingo da Bermeoko Arrantzaleen Museoan, 19:30ean.

Informazioa guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Exit mobile version