ARTEA

Jon Mikel Eubaren argazki instalazioa ikusgai, Bilboko CarrerasMugica arte galerian

CarrerasMugica arte galeriak One Per Minute. 24 minutes in Istanbul goiburupean, Jon Mikel Eubaren esku hartzea jarri du ikusgai. Gaur inauguratuko da erakusketa, eta irailaren 7ra arte, uda osoan bisitatu ahalko da.

129 x 200 cm neurtzen duten 24 argazkiz osatutako instalazioa da. Kanpoaldean eta gauez hartutako ekintza kolektibo baten argazkiak dira, etengabeko flash kliskatzeak izanik,  erabateko iluntasunean hartutako argiztapen bakarra.  Argazki bakoitzak zuzenean horman jarritako plastiko beltz batez estalitako giza gorputz bat erakusten du,  paperezko euskarrian. Aldi berean, argazki-euskarri bakoitza beste plastiko garden batek estaltzen du, eta guzti horien artikulazioak sortzen du, metaketaz, instalazioaren egitura. “24 argazkien eta euren plastikozko estalkien ertzen gainjarpenak sortzen du instalazioaren egitura, lerro bat jarraituz”, azaldu du artistak.

“Proposatzen den irudiekiko harremana bisuala baino fisikoagoa da, eta argazkiek irudika lezaketena baino harago dago eta haren ezaugarri  fisikoak eta materiazko presentzia indartsua kontuan hartuta, eskultura bat dela esan liteke, neurri  batean monumentala”.

Neurriak direla eta, zatika erakutsi izan da aurretik instalazioa. Hala, 2003an aurkeztu zen lehen aldiz proiektua Koreako Busango Biurtekoan, eta 2005ean, IX. Istanbulgo Biurtekoan egon zen ikusgai. Geroztik, 2006an, Kanarietako Arte, Arkitektura eta Paisaia Biurtekoan, eta 2007an,  Iruñeko Moises Perez de Albeniz galeriak bisitatu du. Eta oraingoan,  Bilbon aurkezten da izenburu berriarekin, eta CarrerasMugica galeriako sarrerako hall-aren neurrietara egokituta dago.

Jon Mikel Euba ( Bilbo, 1967) ikus-entzunezko eta pintura espezialitateak egin zituen eta  Arte Ederretan  lizentziatu zen. Hainbat teknologia berri bateratzen ditu bere obran: argazkilaritza, bideoak, prozesu digitalak. Kasu gehienetan, zerbait gertatu edo zerbait gertatu behar deneko uneak islatzen ditu lan horietan. Bitarteko berri horiekin egiten duen lanarekin batera, pinturaren arloko beste sail batzuk ere lantzen ditu, paretetan eta eraikinetan eginiko mural handiak, esaterako. Saririk ere jaso du Eubak: Gure Artea (1989), Bizkaiko Artea (1990) eta Sestaoko VI. Pintura Lehiaketan (1990), eta bestelako aipamen asko ere bai.

Informazio gehiago, carrerasmugica.com web atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button