MUSIKA

Jon Gurrutxagak single berri plazaratu du

Jon Gurrutxagak (Elgoibar, Gipuzkoa 1978) Kateak izenburuko iraupen laburreko lana plazaratu du, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Lokatzetan Play bildumaren baitan. Bilduma horretan bi kantu biltzen dira binilozko singlean, eta zazpi hazbeteko euskarriarekin batera CDa jasotzen da, beste lau doinurekin. Aurretik, Txuma Murugarren musikariaren singlea plazaratu zuten bilduma estreinatzeko, eta, urtea amaitu baino lehen, Joseba Tapiaren beste bat argitaratuko  dute.

Hala, Gurrutxagak Kateak eta Desitxuratuz abestiak jaso ditu singlean, biak ala biak Xabi Lasaren hitzekin; CDan, berriz, aipatutako biak eta Unearen oraina eta Wrinkled shirts and jackets.

Ibilbide luzeko musikaria da Jon Gurrutxaga, besteak beste, Arima Beltza blues-rock taldean jo zuen. Azken urteotan sortutako kantuak bildu ditu gipuzkoarrak lan berrian. Hala, pop, gospel, soul edo blues zertzeladak aurki daitezke kantuotan. Lan nahikoa plurala da, estilo aldetik.

Grabazioa Aieka estudioan burutu du, ondoko musikari-lagunekin: Patxi Zabaleta (gitarra), Iñigo Gorrotxategi (baxua), Urbil Artola (dobroa), Markos Coll (aho soinua) eta Peio Gorrotxategi (teklatua).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button