MUSIKA

Johnny Osbourne musikari jamaikarrak Bilbon joko du gaur

Dub eta reggae zaleek ezinbesteko hitzordua dute gaur, Bilboko Santana 27 aretoan, 21:00etatik aurrera, Johnny Osbourne (Kingston, Jamaika, 1948) musikariak kontzertua emango baitu, Paris hiriko Fatta Soul Stereo selector-aren laguntzarekin. Jamaikako musikak eman duen ahots garrantzitsuenetarikoa da Osbourne.

Musikari jamaikarrak 20 LP inguru grabatu ditu, bai eta ehunka single ere. 1960ko hamarkadaren amaieran eman zituen lehenengo musika-urratsak Carib-Dis-Co eta Techniques diskoetxeekin, besteak beste. Gero, Kanadara joan zen, eta Summer Records zigiluarekin hasi zen grabatzen, bai eta Ishan People eta Chalawa taldeekin jotzen ere.

Jamaika itzuli zenean, Truth & Rights (Studio One, 1979) disko ezaguna grabatu zuen, zeinak hamaika ereserki biltzen dituen, tartean, Jah Promise, Children Are Crying eta Truth & Rights. Disko horrek lortutako arrakastaren ondorioz, bere ibilbideak gora egin zuen nabarmen.

Azken hamarkadetan makina bat diskoetxerekin aritu da, tartean, Massive B, Heartical, Mafia & Fluxy, Riz Records, Roots Garden, Ranking Joe, Rockers International, Exterminator edo Blackboard Jungle, eta hamaika estilo jorratu ditu: reggae, UK dub, new roots, soul, eta abar.

Bilboko kontzertuan, Bomb Bass Hi-Fi selector-a eta Pappa Cruz abeslaria ere arituko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button