IKUS-ENTZUN

Joe Lynch zinegileak FANTeko “Film Onenaren Saria” jaso du

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren XXIV. edizioko epaimahaiak (Joanes Urkixo idazle eta gidoilariak, Koldo Almandoz zinegile donostiarrak, eta Janire Zurbano kazetariak osatutakoa), Joe Lynch zinegilearen Mayhem (AEB, 2017) film luzeari eman dio Film Onenaren FANT 2018 Saria.

FANTeko epaimahaiak “duen zuzentasun ezarengatik, zonbien generoa modu originalean berraztertzen asmatzeagatik eta kapitalismoaren kritika basatira daraman espazio itxiko eszenifikazioarengatik” aukeratu du film hori.

Aipatutakoaz gain beste sari asko egon dira: Film laburren atalean, epaimahaiak Rubin Steinen Bailaora (Espainia, 2018, 15’) lanari eman dio Film Labur Onenaren Saria. Euskal Film Labur Onenaren Saria, Aitzol Saratxagaren Ziren (2017, 15 min) fikziozko lanak jaso du, “genero proposamena izan arren erritmo geldoa ematean asmatzeagatik eta arimaren existentziari buruzko gogoeta egiten ausartzeagatik”.

Berrikuntza gisa, edizio honetan, Euskal Aktoreen Batasunak Euskal Film Laburren Antzezpen Onenaren saria eman du. Saria Fernando Albizuri eman zaio aho batez, David Perez Sañudoren Aprieta pero raramente ahoga filmean egindako lanarengatik.

FANT 24ren aurtengo edizioko ikus-entzuleen iritziz, Film Labur onena Albert Pintóren eta Caye Casasen 16 minutuko RIP (Espainia, 2017) lana izan da. Sekzio Ofizialeko Ikus-entzuleen Film Luze Onenaren saria Issa Lopez mexikarraren Tigers are not Afraid lanak lortu du.

Panoramako Film Luze Onenaren saria Andres Goteiraren Dhogs (Espainia, 2017) lanak irabazi du. Film laburren atalean, saria Lorène Yavoren À Chacun Sa Malédiction (Belgika, 2017) lanak lortu du. Horrez gain, epaimahaiak aipamen berezia eman dio Pablo S. Pastorren Bye Bye Baby (Espainia, 2017) film laburrari, zuzendaritza bikainarengatik eta estetika oso istorio zinefagoaren alde erabiltzeagatik.

Film guztien gaineko informazioa: FANT

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button