Nontzeberri

Joan Mari Irigoienek "Nor bere bidean" lana aurkeztu du

Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948) amaitu du, azkenik, Orbetarrak nobela-sorta. Lan honetan hauxe kontatzen da: "Damaso eta Gabino, orbetarren sagako azken ordezkariak, txikitatik norgehiagoka isil eta itsua bizi izan dutenak, izateko, sentitzeko eta pentsatzeko bi era kontrajarri hezur-mamitzen dituztelako: Damaso razionala, eszeptikoa, munduaren minek mindua eta jendailak nardatua, engainu eta lilura besterik ez diren ametsak arbuiatzen dituena, dela erlijioa, dela aberria; Gabino, berriz, sentikor eta sentibera, xaloa eta ameslaria, izadia eta izakiak pasioz maite dituena, bere kontraesan guztiekin haraindi baten sinesmena gorde eta honaindiko Euskal Herria aldeztu nahi lukeena.
Ekintza bakoitzaren atzean dagoelako historia oso bat, iritzi bakoitzaren ostean mundu bat, bere ñabardura eta gorabehera guztiekin."

Joan Mari Irigoien (Altza, 1948) ingeniaria da ikasketaz eta idazlea lanbidez, eta hainbat eleberri gogoangarriren egilea da, baina azken urteak arnasa handiko idazlan hau mamitzen eman ditu: Bestea da mundua (2008) izan zen sagako lehena, Haragiaren gauak eta egunak (2009) bigarrena, eta Nor bere bidean (2010) honekin ixten da Orbetarrak.

Elkar argitaletxeak bidalita

Exit mobile version