Nontzeberri

Joan den urteak emandako film-uztarik onena ikusgai

Gasteizen, Euskal Zinemaren Astea egingo dute otsailaren 24tik 29ra bitartean. Gasteizko Vital Fundazioa Kulturgunean, joan den urteak emandako film-uztarik onena pantailaratuko dute, beti ere, euskal ikus-entzunezko sektorea sustatu eta zabaltzeko helburuz.

Euskal Zinemaren Astearen egitarauak hamabi lan bilduko ditu. Egunero bi proiekzio izango dira, film labur bat eta film luze bat eskaintzeko. Filmen ostean publikoak filmik onenak bozkatu ahalko ditu. Gainera, otsailaren 29ko amaiera-ekitaldian, Gutako Bat saria emango diote Arabako zinemaren profesional garrantzitsu bati.

“Publiko guztientzako topagunea, publikoaren eta zinema egiten dutenen arteko elkartrukerako lekua, eztabaidatzeko eta profesional horiek erakusten dizkiguten istorioen zergatia aurkitzeko gunea. Jaialdi parte-hartzaile honetan publikoak berak, 36 ediziotan zehar zinema aste honetara leial joan den publiko horrek, erabakitzen ditu sariak”.

Lehen saioan, otsailak 24, 19:30ean, Un coche cualquiera  (David P. Sañudo) film laburra, eta Vitoria, 3 De Marzo  (Victor Cabaco) film luzea pantailaratuko dira. Azken horretan honakoa kontatzen da: “Gasteizko 1976ko martxoaren 3ko gertakizunetan, poliziak bost langile hil zituen greba luze baten ostean. Begoñak, erdiko klaseko gazte batek, zuzenean biziko ditu “inoiz ezer gertatzen ez den hiria” astindu zuten gertakari horiek. Gero eta latzagoa den gatazka batean, zer alderekin bat egingo duten erabaki beharko dute hala berak nola bere familiak. Azkenean, sarraskiaren ostean, ez dira inoiz ere berdinak izango, ez Begoña, ez hiria, ezta herrialde osoa ere. Benetako istorio bat, benetako pertsonaiekin”.

Datozen egunetarako proiekzioak hemen kontsultatu ahal dituzue.