ESZENA

Jérôme Bel koreografo frantziarraren obra, Azkuna Zentroan

Jérôme Bel (Montpellier, 1964) koreografoak Jérôme Bel (1995) obra antzetuko du Bilboko Azkuna Zentroan, gaur, 2018ko Dantzaldia jaialdiaren baitan. Koreografo frantziarrak 1994tik 2004ra bitartean burututako lehen obra batzuen zati bat da. Frantziako dantza kontzeptualeko erreferentea da Bel, eta bere xedeetako bat da kolokan jartzea dantzan ezarritako kodeak.  Obra hori 20:00etatik aurrera ikusi ahalko da.

Azkuna Zentroaren arabera, “Bel-ek koreografo gisa duen zeregina lausotu nahi du (obran), eta beste elementu batzuk eraman nahi ditu lehen planora, hala nola kontzeptua eta horren oinarria den diskurtsoa”. Bere obrak ludiko eta probokatzailetzat jo izan dira.

Belen helburu nagusia da dantzako arau guztiak zalantzan jartzea, dantzaren mugak hankaz gora jartzea. Montpellier hirian jaiotako koreografoaren aburuz, “Jérôme Bel-ekin saiatzen naiz “literaturaren zero gradua” moduko bat aurkitzen, baina dantzaren alorrean. Gauza bi saihestu nahi nituen: gorputz erotikoa eta gorputz gihartsu perfektua, gerlariek dutenaren antzekoa dena. Gure kultura osoan, ez bakarrik dantzaren alorrean, sexua eta boterea dira gorputzaren bi irudikapen nagusiak, bera delako dantzarako lanabes nagusia, eta haren ohiko zeinuak erauzten dizkiote”.

Hala, dantza eta performancea uztartuz, giza gorputzaren inguruan ardazten du obra. Horretarako eszenaratze sinpleak erabiltzen ditu, minimalismotik gertu. “Horrela izanik, bazterrean uzten du bai dantzariek bai ikusleek afektiboki interpretatzeko egin lezaketen edozein saialdi. Dispositibo koreografikoan bermatuta, sinpletasun horrek gure begien aurrean aurkezten eta errebelatzen denaren irakurketa kritikoa ahalbidetzen du”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button