MUSIKA

Amorante, Drame, Evening Hymns eta Fùgù Mango, Usopop jaialdian

Usopop jaialdiaren zazpigarren edizioa egingo da larunbatean, Saran, Lizarrieta mendian. Amorante, Drame, Evening Hymns eta Fùgù Mango taldeek joko dute, eta DJk ere izango dira: Beirut eta Martial Jesus. Horretaz gainera, bestelako jarduerak ere izango dira: haurren txokoa, animazioa…

Taldeen harira, Amorantek estreinako lana plazaratu berri du. Iban Urizar Ondarzak bost kantuko lehen lana ondu du, “soinu-postal” formatuan. Formatu berezi horretan bost postal biltzen dira, eta postal bakoitzak kantu bat deskargatzeko kodea dauka; halere, lan osoa musikariaren bandcamp webgunearen bitartez ere eskura daiteke.

Drame, berriz, Tours hiriko Rubin Steiner musikariaren egitasmoa da, elektronika, krautrock, psikodelia eta dantzarako grina uztartzen dituena.

Evening Hymns proiektuaren atzean, halaber, Jonas Bonetta musikari kanadarra dago. Folk-rock klasikoa jorratzen du, tarte elektrikoei bizkarra eman gabe.

Belgikako Fùgù Mango banda fusioaren esparruan aritzen da: Afrobeat, 80ko urteetako pop elektronikoa, Talking Heads, funk…

Azkenik, aipatu Negua konpainiak hiru ataletako ikuskizuna aurkeztuko duela. “Sakona eta misteriotsua une batzutan, indartsua eta animista beste batzutan suak eta izotzak talka egiten dute. Horrezgain musikari hirukote bat zuzenean ariko da obrari indarra biderkatuz. Guaitatzen dugun momentu bat”.

Informazio gehiago: usopop.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button