Nontzeberri

Jean-Luc Godard zuzendariaren “Le Livre D’image”, FAS Zineklubean

Asteartero bezala, FAS Zineklubak proposamen interesgarri bat luzatuko dio ikusleari. Oraingo honetan Jean-Luc Godard zuzendariaren Le Livre D’image (2018) dokumentala pantailaratuko dute. Horrekin batera, Aitzol Saratxaga egilearen Basoan film laburra ere emango da.

Jean-Luc bizkorraren irudia agertuko da gaurko emanaldian. Izan ere -eta FASek adierazi duen bezala- “gerta liteke ohiko ikuslea erotzea irudien abiadura eta segida ikusita; probokatzailea da eta intentzio iraultzailea du. Badirudi ikuslea behartzen duela irudian mezu bat bilatzera, interpretatzera, ikusle arrunta izan beharrean. Zentzu bat edo beste emateko manipulatutako irudi aukeraketa horretan, ikuslearen pazientziarekin eta ezagutzarekin jokatzen du (ikuslea saiatuko da buruari eragiten film horren zein besteren gainean, baina atsedenik gabe). Koloreak, txuri-beltzak, distortsioak, mugimenduak, mundu esperimental eta beti bezala urrunean sartzeak harrapatu egiten zaitu (hipnosia), eta 90 minutu eskas horiek esperientzia paregabe bihurtzen dira. Ez dauka parekorik.; ezkerreko poltsikotik ateratzen du filma beste behin. Eremuaren barneko eta kanpoko soinuekin ere jokatuko du, soinu garbi zein distortsionatuekin. Film bat manipulagarria dela erakutsi nahian, ikuslea bera manipulatzen du”.

Aitzol Saratxagaren bere lehen lana (Ziren) arimaren existentziari buruzko gogoetan murgildu bazen, oraingoan, bilbotarrak “pertsona orok barruan duen izaki horren inguruan” hitz egingo du beldurrezko labur horretan. Basoan, Filmo Luegoedito eta Platanobolígrafo etxeen arteko ekoizpen bat da, eta Araka ekoiztetxe gaztearen, Irusoin enpresaren eta ECPV-EHZE zine eskolaren laguntza izan du.