Nontzeberri

“Jazzez Blai” festibala Deban, aurten estreinakoz

Udako Jazz jaialdi handiei, Debakoa gehituko zaio aurten, formatu txikiagoan eta herri txikiagora egokituta. Hala, uztailaren 10etik 14ra estreinakoz dator Debako Jazzez Blai festibala eta herria jazz doinuez beteko duen programazio anitza aurkituko duzue bertan.

Jaialdiaren  helburua, herriko taldeak edo herriarekin lotura zuzena duten taldeak indartzea eta ezagutaraztea da. Era honetan, lehen edizioan, “maila eta izaera ezberdineko bertoko taldeak bustitzeko prest agertu dira”, azaldu dute antolatzaileek.

Edizioaren estreinaldirako, kartela osatuko duten taldeak Iñigo Ruiz de Gordejuela 4tet, Xahu 4tet, Alatin, Hugo Silveira 4tet, Rafa Aceves trío edo Standard duo izango dira, eta Debako Musika Banda eta musika eskolako musikariak ere gehituko dira jaialdira. Gainera, formatu ezberdinetako jam session saioak, Djak, tailerrak edota kale emankizunak osatuko dute jaialdiko programazioa.

Era honetan, bihar asteazkena, uztailak 10, gaueko 22:00etan, Gaztetxean antolatutako blues tailerrak eta Anarcotronic Dj Electroswing emankizunak emango diote hasiera programazioari. Jazz Combo emankizunak jarraituko du ostegunean, 19:00etan, Kultur Elkarteko Plazan, Deba Musikal bandaren eskutik. Eta 20:30ean, Hugo Silveira 4tet-en kontzertua, Ondar Gain aretoan.

Ostiraleko programazioa, 18:30ean hasiko da Debrass Band taldearen eskutik kalejira batekin. Eta 20:30ean, Itsas Gainen, Rafa Acebes Trioren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Larunbatean aldiz, 20.30etik aurrera, Debako Musika Bandaren doinuek jantziko dute herriko Alamedan ezarriko den karpa, eta 23:00etan, edizio honetako kontzertu nagusia izango da: Iñigo Ruiz de Gordejuela 4tet taldearen emankizuna, “etorkizun handiko jazz promesa”, antolatzaileen ustez.

Eta igandean,  jaialdiko azken egunean, eguerdiko marianitoak girotzen arituko da 13:00etan Maxi Bar tabernan Standard Dúo banda. Eta Alatin Xahu 4tet bandak itxiera emango dio programazioari, gaueko 23:00etan, Alamedako karpan eskainiko duen emankizunarekin.

Informazio gehiago, hemen duzue.

Exit mobile version