MUSIKA

Jazz sasoia hasiko da Euskal Herrian

Jazza berriz dator Euskal Herrira, hauxe izaten baita bere sasoia. Jazzaz blaitzeko lehen tokia Getxo herria izango da, izan ere, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiarekin hasi ohi dira jazzaren doinuak gure lurraldean. Aurten, uztailaren 2tik 6ra bitartean entzungo da musika klase hori.

Getxokoaren hogeita hamazortzigarren edizioa da oraingo hau, eta betiko legez, genero horretako artista handi eta gazte hasiberrien proposamen zabalarekin dator.

Estilo eta tamaina ezberdinetako kontzertuak programatu dira.
Kontzertu nagusietan (Biotz Alai plaza, 22:00etan) puntako artista hauek arituko dira: Natalia Dicenta kantaria; Jack DeJohnnette, jazzeko bateria-jolea; Hiromi, gaur egungo piano-jotzaile aipagarrienetakoa; Michel Camilo, erritmo latinoen maisua, eta amaitzeko, Diego El Cigala flamenko-kantaria, flamenkoaren eta jazzaren uztarduraren barruan kokatzen den artista.

Horiekin batera, lau banda gazte Taldeen Lehiaketan arituko dira: Massimax Project, Liya Grigorian Trio, Lukas Gabric Group eta Ylativ Algo Quintet. Banda horiek osatuko dituzte nazioarteko artista horiek eman beharreko kontzertuak.

Beste aldetik, eta urteroko hitzorduari iskin egin barik, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak programatu dira proposamen interesgarriekin. Bertan, nola ez, estilo eta jatorri askotako bandak topatuko dituzue, hala nola, Juan Ortiz Qt, David Pastor & Nu-Roots, ¡Zas! Trio, Artur Tuznik Trio eta The Groove Investigators Qt.

Programa osatzeko, jam sessions-ak izango dira The Piper’s Irish Pub aretoan, uztailaren 3, 4 eta 5eko gauerdian, eta ekainaren 17tik uztailaren 20ra, Jose Hornaren  Jazz for Two izeneko argazki-erakusketa Algortako Satistegi kafean.

Getxokoaren ostean, Gasteizera joango da jazz guztia, ekainaren 14tik 19ra bitartean, eta azkenik, 49. Heineken Jazzaldia egingo da Donostian, 23tik 27ra bitartean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button