ARTEA

Javier Riañoren abstrakzio geometrikoa, Rekalde aretoan

Rekalde aretoak Javier Riañoren  41 obraz osaturiko erakusketa aurkeztu du gaur goizean. Prentsaurrekoan egileak esan duen bezala, “azken urteetan egindako lanaren  eta ibilbidearen lagin eta laburpena baino ez da gaur aurkezten dudana”.

Javier Riañok (Bilbo, 1959) ez du Bilbon erakusketarik egin duela 10 urte, eta berarentzat, Rekalde aretoan erakusketa berri hau jartzea “ardura baina, era berean, poztasun handia izan da”, izan ere, hiriak duen autorerik garrantzitsuenetakoa da.

Egileak egin duen lan-aukeraketa honetan argi ikusten da artistaren kezka nagusia: geometria. Arkitekturarekin eta espazioak sortzeko grinarekin egiten du lan etenik gabe.  Bere lanetan elementu geometrikoekin  lorturiko  konposizio espazialek hartzen dute garrantzia, eta era berean, margolanaren barruan, argia oso elementu inportantea da. “Eraikinen barnealdeek, igerilekuek, etxarteek eta eskailerek, besteak beste, agerian jartzen dituzte margolariak lantzen dituen gaiak. Leku anonimoak dira denak, nekez ezagutzeko modukoak, eta badirudi nolabait atzeman nahi dutela irudikatutako espazioek duten poetika”. Eta hala, giza-irudirik, figurarik ez da agertzen inoiz, berak horrelako elementuak eliminatzen dituelako, espazio horiek nahi dituen bezala transformatu arte, eta bere egin arte.

Tonalitate bertsuak erabili ditu erakusketaren lehen partean (okreak, marroiak,..) baina bigarren zatian kolorearen leherketa dator. Bigarren parte kromatiko honetan horiak, urdinak edota laranja kolore biziek hartzen dituzte mihiseak, “hori baita etorkizunean landu nahi ditudan prozesuak, koloreak beste dimentsio bat zabaldu didalako” adierazi du egile bilbotarrak.

Halarik ere, abstrazio geometikoa nabarmentzen da lanetan, ihes egiteko planoak, sakontasun zentraletik ihesean batzuetan, esker eta eskuineko eskape modukoak, eta beti argitasun puntu bat, itxia edota naturara jotzen duena.

Javier Riañok banakako hainbat erakusketa jarri ditu Bilbon, Madrilen, New Yorken eta Mexikon. Orain, Rekalde Aretoak bere obraren aukeraketa oso bat jartzen du ikusgai, zalantzarik gabe, pintura figuratibo garaikideko euskal ordezkaririk gailenetako bat delako.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button