Nontzeberri

Javier Muguruzak disko berria aurkeztu du gaur, “Geltokiak izarretara”

Javier Muguruzak Geltokiak izarretara bere azken lana aurkeztu du gaur Bilboko Kafe Antzokian egin duen prentsa agerraldian.

Mara Mara zigiluaren eskutik kaleratu den lan berria 15 kantuz dator oraingoan, baina guzti-guztiak euskal kantagintzaren historiako ibilbidearen errepasoa egiten duten bertsioak dira.

Izan ere, Barcasants Bartzelonako festibaleko 25. urteurrenaren harira, Pere Camps zuzendariak egindako enkargu bereziaren emaitza da diskoa eta aurkezpena gaur egin badute ere, Geltokiak izarretara izenburua duen lana zuzenean entzuteko, datorren urtera arte itxaroan beharko dugu.  Datarik aipatu ez badute ere, Bartzelonan eta Bilbon zuzeneko kontzertuak egingo dituztela iragarri du Javier Muguruzak berak.

Euskal kantutegiaren sailkapen pertsonala egin du eta 15 kantu aukeratu ditu abeslariak lana burutzeko. Batetik itzal handiko euskal egileen kantuak izateagatik aukeratu ditu, baina bestetik, 80. hamarkadatik 2000. urtera bitartera ezagunak ez ezik, “arrazoi ezberdinak tarteko, nire bizitzan garrantzitsuak izan diren doinuak eta nire barnean zerbait mugiarazi dizkidaten kantuak ere aukeratu ditut”, azaldu duenez.

Sailkapen berezi honetan aurkituko ditugun kantuen arten, hartara, Mikel Laboaren Antzinako bihotz; Gariren Zaharra zara Bilbo; JC Perezen Kantu eroa; Oskorriren Gaztelugatxe; Ruper Ordorikaren Berreziketaren zailtasunari buruz; Anariren (H)erra kanta; Benito Lertxundiren Oi lur, oi lur; Hemen izango bazina, Fermin bere anaiarena. Doinu eta estilo zabaleko taldeak, zalantzarik gabe.

Gainera, bere obra borobiltzeko Bernardo Atxagak idatzitako testu baten irakurketa jasotzen duen 16. grabazioa ere jasotzen du diskoak, Atxagak berak irakurritakoa: Alfabetoa Muguruzaren diskoarentzat, diskorako propio sortutakoa.

Mikel Azpiroz (Rhodes, Wulitzer, HammondC3) musikariak zuzendu du diskoaren musikaltasuna. Horretarako ere luxuzko musikarien “talde ideal bat” osatu dutela aitortu du Azpirotzek prentsaurrekoan. Izan ere, “erronka handia izan da hain estilo ezberdinetako musika Muguruzaren estilora ekarri eta konposizio musikal koherente bat egitea”.  Baina azkenean, musikaltasunari dagokionez “zerbait magnetikoa eta magikoa” lortu dela aitortu dute pozik.

Muguruzari berari ere kantuen bertsioak bere estilora ekarri eta kantatzea, beste batzuetan baino gehiago kostatu zaiola aitortu du, “agian nire barren barrenean ditudan kanta garrantzitsuak direlako”, gaineratu du abeslariak.

Diskoa grabatu ondoren, zuzenekoetan ere musikari berdinekin arituko da, behinik behin, orain arte iragarritako kontzertuak. Hala, Muguruzarekin batera oholtzan egongo dira, Mikel Azpiroz bera (pianoa), Jean-Marie Ecay (gitarra elektrikoa eta  akustikoa), Mikel Artieda (bere ohiko baxua) eta David Gómez (bateria eta perkusioa).

Eta nola ez, diskoa zendu berri den bere anaia Iñigo Muguruzari dedikatutakoa dela gaineratu du, in memorian Iñigo!

Informazio gehiago, hementxe duzue.

Exit mobile version