LITERATURA

Jatorrizko gidoia literatura ote da?

Bilbon, egun hauetan Zinebi jaialdiaren 61. edizioa ospatzen ari dela baliatuz, Bidebarrieta Kulturguneak Eztabaidak literaturarekin ekimena ondu du literatura eta gidoigintza aztertzeko.  Gaur berton, azaroaren 12an, arratsaldeko 19:30ean, Luis Marias eta Eneko Olasagasti zine gidoilari eta zuzendariak elkartuko dira La Literatura también es un guión izeneko hitzorduan. Alicia San Juan kazetariak moderatuko du topaketa.

Bi adituk zineko gidoiaren bitartez zinearen eta literaturaren artean beti egon den erlazioa aztertuko dute, eta horretarako hainbat gai mahaigaineratuko dute: “literatur lanak, berez, gidoi on bat izateko dituen aukerak, liburu arrakastatsuak film ona bermatzen duen ala ez, edo gidoi batek jatorrizko literatur testua hobetu dezakeen. Horrez gain, gidoilariak literaturako testu bat egokitzeko eta pantailara eramateko orduan egiten duen lana azpimarratuko da, eta jatorrizko gidoia literatura den ala ez aztertuko da”.

Luis Marias (Bilbo) Informazio Zientzietan lizentziatua da EHUn. Bilboko gidoilariaren ibilbide luzean makina bat lanetan hartu du parte. Bi film luze zuzendu ditu, X (2002) eta Fuego (2014), eta 2004tik bere ekoiztetxea dauka, Historias del Tío Luis.
Eneko Olasagastiri (Donostia) dagokionez, gidoilaria eta ekoizlea da, eta esperientzia zabala du antzerki, zine eta telebistan zuzendari gisan. Antzerkian, Ama begira zazu eta Metxa zuzendu ditu. Eta telebistan sail famatuak ere bai: Bi eta bat, Jaun eta jabe eta Martin. Zinean ere eskarmentua dauka, eta honakoak egin ditu:  Maité eta Sí, quiero film luzeak eta Barrura begiratzeko leihoak eta Alardearen Seme-Alabak dokumentalak.

Eztabaidak literaturarekin egitaraua martxan jarri zenetik, euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako literaturaren esparru osoko 300 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta helburua literaturara hurbiltzeko eremua eskaintzea da, baina bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz, arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste, edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz.

Joan den 2018an Arantxa Urretabizkaia eta Asier Serrano, Suso de Toro eta Màrius Serra, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miguel Sanchez-Ostiz eta Miguel Gutierrez Garitano, Luisa Etxenike eta Marian Izaguirre, Julia Otxoa eta Edurne Portela, Mariasun Landa eta Bernardo Atxaga, Luis Sepulveda eta Isaac Rosa, Ana Merino eta Manuel Vilas, eta Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza adituak pasatu dira Bidebarrietatik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button