MUSIKA

Japoniako Tokyo Ska Paradise Orchestra-k Bilboko Kafe Antzokian joko du gaur

Tokyo Ska Paradise Orchestra (TSPO) bederatzi musikari japoniarrek osatzen duten egitasmoa da. Ibilbide luzeko taldea horrek ska erritmo dantzagarri eta biziak zabalduko ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian 21:30etatik aurrera.

TSPO 1989an agertu ziren Japoniako musika eszenan, eta urtebete geroago argitaratu zuten euren estreinako singlea, Montser Rock. Harrezkeroztik, 700dik gora kontzertu egin dituzte eta hainbat disko argitaratu. Taldearen ezaugarri nagusia zuzenekoak dira, energia handiko emanaldiak baitira. Esaterako, Full Tension Beaters diskoa aurkeztu zutenean Europan, bost herrialde bisitatu zituzten 12 egunetan eta orotara 11 kontzertu egin zituzten.

Horrez gain, 2009. urtean 20. urteurrena ospatu zuten Paradise Blue izeneko lana tarteko. Urte horretan, gainera, Japoniako Fuji Rock Festival jaialdi ezagunean jo zuten. Era berean, Tokyo Ska Jamboree izeneko jaialdi propioa ere atondu zuten Yamanaka lakuan; 8.000 ska jarraitzaile eta 80 artista bildu zituzten. Iaz, jaialdiaren bigarren edizioa egin zuten.

Halere, japoniarrek oraindik bide luzea dute egiteko, Radiation kontzertu-agentziak ohar bidez jakinarazi duenez. Gaur, hasteko, Bilbon izango dira musika-festa itzela pizteko asmoz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button