BERTSOTAN

“Jakinduriek mundue erreko dau” saioetan, bertsoa eta zientzia loturik

Jakinduriek mundue erreko dau bertso-zientzia emanaldiak Beasain, Zarautz eta Tolosan antolatu dira. Lehenengo zita Beasainen izango da, bihar, apirilaren 12an. Hurrengoak maiatzean programatu dira: 14an, Zarautzen, eta 22an, Tolosan.

Dakizuenez,  ekimenak itxuraz elkarrengandik oso urrun dauden bi diziplina uztartzen ditu. Aurten bosgarren edizioa da, eta Gipuzkoan hasiko da, ondoren, Bizkaira salto egiteko.

Jakinduriek mundue erreko dau izenburupean, hiru zientzialari eta bi bertsolari bilduko dira agertoki berean, hain ezberdinak diren bi unibertso elkartzeko xedez. Aurtengo programaren barruan, 10 minutuko hitzaldi zientifikoak ere eskainiko dira, euskaraz. Gaiak aurkeztu ondoren, “zientzialariaren hipotesiak bilduko dituen bertso bat inprobisatu beharko dute bertsolariek”.

Beasaingo saioa Igartza Jauregian izango da, 19:00etan, eta bertan Onintza Enbeita eta Sustrai Colina bertsolariak, eta Onintze Salazar (Euskalmet), Miren Karmele Gomez (Iruñeko Planetarioa) eta Josu Lopez-Gazpio (kimikaria eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea) zientzialariak jarriko dira aurrez aurre.

Hurrengo saioa Zarautzen izango da. Hara Igor Elortza eta Alaia Martin joango dira bertsotan aritzera, eta aurrean, Gorka Azkune (EHU-Informatikako Fakultatea), Miren Karmele Gomez (Iruñeko Planetarioa) eta Oskar Gonzalez (EHU- Zientzia eta Teknologia Fakultatea) zientzialariak izango dira.

Tolosan izango da azken saioa, maiatzaren 22an, Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin eta Gorka Azkune (EHU-Informatika Fakultatea), Onintze Salazar (Euskalmet), Juan Ignacio Perez (EHU-Kultura Zientifikoko Katedra) zientzialariekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button