IKUS-ENTZUN

Jaialdi bete film, Zinebin

Zinebik bere 58. edizioaren ateak zabalduko ditu gaur, azaroaren 18an, inaugurazio galarekin. Hitzordu horretan ere, lehiaketara aurkeztu diren euskal film laburren emanaldia izango da, eta Jaime Chavarri zinegileari Ohorezko Mikeldia emango zaio.

Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko, guztira 33 herrialdetako 71 filmek hartuko dute parte sekzio ofizialean. Estatuko 18 lan daude, eta horietatik 6 euskal zinegileenak dira. Honakoak dituzue: Renovable (Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga); Ulises (Aitor Gutiérrez); Hileta (Kepa Sojo); Anonimo (Iván Sokolov); Gure Hormek (Maria Elorza eta Maider Fernandez), eta Jane, Tarzan ez zen horren guay (Begoña Vicario).
Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi
sekzioan, bost euskal lan eskainiko dira, lau dokumental eta fikziozko bat. Horien artean, Josu Veneroren Gutariko azkena, edo Xuban Intxaustik egin duen Bailarines callejeros lanak daude.

Zinebi First Film (ZIFF) sekzioan, bost kontinenteetako zinegile berrien opera primak begiratuko ditu Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarrak, Xenia Rivery gidoilari kubatarrak eta Jon Garaño euskal zinegileak osaturiko epaimahaiak.

Lehiaketatik kanpoko Beautiful Docs. Mundu osoko dokumental luzeen panorama sekzioak, Sergei Loznitsa, Ulrich Seidl, Robert Green edo Claire Simon zinegileen bederatzi lan ikusteko aukera eskainiko du.
Horretaz guztiaz gain, Larraitz Zuazok zuzendu duen Nosotras, mujeres de Euskalduna dokumentalaren estreinaldia jasoko du azaroaren 19an, 20:00etan, BBK Aretoan.
Bigarren Ohorezko Mikeldia Bahman Ghobadi zuzendari kurdu-iraniar ospetsuari emango zaio, eta berak A flag without a country (2015) filma aurkeztuko du, azaroaren 24an, Guggenheim Museoaren auditorioan.

Beste urte batez, ZINEBI 58ren proiekzioen egoitza nagusia Azkuna Zentroko Golem zine-aretoak izango da, eta saio berezi batzuk egongo dira Campos Antzokian, Guggenheim Museoaren auditorioan eta BBK Aretoan, beste batzuen artean.

Informazio guztia Zinebin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button