IKUS-ENTZUN

Jacques Tati eta Kepa Sojo, FAS zineklubean

Gaur, maiatzak 14, FAS zineklubak emanaldi bikoitza antolatu du 19:45ean El Carmen aretoan: Loco con ballesta (Kepa Sojo, Euskadi, 2013) film laburra eta Les vacances de Monsieur Hulot (Jacques Tati, Frantza, 1953) lan luzea. Emanaldian Kepa Sojo zinegile eta Begibistan eta Cortada zine jaialdien arduradunak parte hartuko du.

Jacques Tati (1907-1982) zuzendari frantziarraren filma 1953ko Bitxiak zikloaren barruan proiektatuko da. Izan ere, urte horretan FAS sortu zen. Hala, Bilboko zineklubaren 60. urteurrenaren harira, data horretan estreinatutako filmak proiektatzen ari dira.

Les vacances de Monsieur Hulot Jacques Tati zinegile frantziarraren bigarren lan handia da; zuzendari, aktore eta gidoilari aritu zen. Ez hori bakarrik, film horretan Hulot pertsonaia sortu zuen: “Hulot oporretara doa Saint Mar-sur-Mer herrira, Bretainiako kostaldera, familiarekin nola ez. Baina, iritsi eta berehala, anabasa sortuko du bertan uda ematen ari diren turisten artean, eta turistengandik bizi diren herrikideen artean”.

Film honetan egoera surrealistak jaso zituen Tatik. Zentzugabeko gertaera horien bitartez XX. mendeko aurrerabide teknologikoak eta sasoiko gizartearen ohiturak kritikatu zituen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button