MUSIKA

Jabier Muguruzak “Leiho bat zabalik” aurkeztuko du gaur Bilbon

Jabier Muguruzak jauzi handia egin du azken diskoan, Leiho bat zabalik, grabazioan bildutako zortzi kantuak formatu elektrikoan ondu baititu. Bada, disko berri hori gaur bertan aurkeztuko du Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean, 20:30etik aurrera.

Muguruzaren aburuz, “soinu-janzkera, sonoritatea aldatzeko beharra nuela sentitu nuen”. Aldaketa hori prozesu baten ondorioa izan da, gogoeta luze baten emaitza, baina intuizioak ere bere lana egin du. Hala, sonoritate “lakarragoa” bilatu du Muguruzak, eta horretarako gitarra elektrikoak eta oinarri elektronikoak uztartu ditu. Gitarrak Ander Mujikak (Napoka Iria, Anari…) sartu ditu eta elektronikaz Javi Carasueño arduratu da, zeina Tulsaren azken diskoaren bidez ezagutu duen. Tulsaren atzean dagoen Miren Izak, hain zuzen, kantu batean abestu du.

Muguruzak horrekin guztiarekin sonoritate “ez hain atsegina” bilatu du, “tentsioekin” jantzia. Diskoak puntu “iluna” erakusten du, “bizi dugun sasoiaren isla, baina ez da lan triste bat”. Dena dela, Muguruzaren estiloak bere horretan jarraitzen du: diskoak ohiko giro intimistak haizatzen ditu, soineko elektrikoarekin erakutsi izanagatik ere.

Kantu guztien musika Jabierrek egin ditu; hitzak, ordea, hamaika idazlek idatzi dituzte. “Jende on asko dago nire inguruan, eta sintonia dut haiekin”: Iban Zalduak Kontraesanak idatzi du; Harkaitz Canok Jada iritsi diren barbaroen zain; Anjel Errok Spam kanta eta Iñigo Astizek diskoari izenburua ematen dion doinua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button