Nontzeberri

J.J. Sprondel, Cavaliere eta The Zephyr Bones, Bilbao Hiria lehiaketan

Bihar, J.J. Sprondel (Malaga), Cavaliere (Bizkaia) eta The Zephyr Bones (Bartzelona) taldeek joko dute Bilborock aretoan, 20:00etatik aurrera, Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren baitan.

Carlos Moratalla gitarrista eta abeslariak zuzendutako laukotea da JJ Sprondel. Taldearen jarioa 1970eko hamarkadako estiloetan sustraitutako dago, baina askotariko ñabardurak erakusten ditu; esaterako, jazz zantzuak.

Cavaliere Atom Rhumba taldeko kide ohi Alvaro Segoviaren egitasmo berria da. Hirukoteak blues-rocketik edaten duen rock dinamikoa jorratzen du. Lehiaketaren antolatzaileen arabera, “Rock sendoa, nortasun handikoa, gaztelaniaz idatzitako hitzen berezitasunak nabarmenduta”.

The Zepohys Bones Bartzelonan finkatutako taldea da, baina hiru taldekideak txiletarrak dira. Laukoteak pop psikodelikoa jorratzen du. Haien hitzetan, “instrumentuak espazioarekin, erritmo eskeletikoak, zilar-koloreko sintetizadoreak eta abestu baino, kantuen gainean surf egiten dutela dirudien ahots baten doinua”.

Amaitzeko, gogoratu ostiralean metal saileko beste kontzertu bat dagoela: Corrosive (Nafarroa, metalcore) eta Orion Child (Bizkaia, power metal sinfonikoa).

Informazio gehiago: concursovilladebilbao.com.