ESZENA

“Izotza apurtzen den ertza” lanarekin, Loraldiak Teatro Eguna ospatuko du

Gaur, martxoaren 27an, Teatro Eguna ospatzen da, eta Loraldia Festibalaren 5. edizioak ere ospatu nahi du.

Loraldia jaialdiaren programazioaren barruan, bi ekintza antolatu dira Campos Antzokian: Aizpea Goenaga sortzaile eta aktoreak euskal antzerkigintzaren inguruko testu bat sortu du eta bertan irakurriko du; eta ondoren, Izotza apurtzen den ertza antzezlanaren euskarazko estreinaldia izango da.

Loraldia Kultur Elkarteak Aizpea Goenaga sortzaile eta aktoreari idazki bat prestatzeko eskatu zion, egun berezi hau ospatzeko. Goenagak euskal antzerkia eta euskaraz sortutako teatroaren historia birpasatuko du, ikuspegi aldarrikatzaile batetik abiatuta.

Horren ostean, La Cuerda Teatro konpainiak Izotza apurtzen den ertza izeneko lana oholtzara eramango du. Iruñean gaztelaniazko bertsioa estreinatu ondoren, urtarrilean euskarazko bertsioaren aurre estreinaldia egin zuten. Eva Redondoren dramaturgia eta zuzendaritza da, eta Olatz Beobide eta La Cuerdaren ekoizpena. Oholtzan, hiru emakume: Maitane Perez, Maider Lekumberri eta Olatz Beobide.

Antzezlan honek “giza esplotazioa eta biziraupena ditu ardatz. Esplotazioari buruz hitz egiten duen proposamen honek modu irekian hartu du gaia; esplotazio sexuala eta giza esplotazioa azalduko ditu baina baita munduaren eta inguru giroaren esplotazioa ere… azken finean, galdera bat planteatuz non dago muga ustiapena eta biziraupenaren artean?”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button