MUSIKA

Izar&Star egitarauaren bigarren edizioa aurkeztu dute

Iaz hasi zen Bilbon egin ohi den Izan&Star egitaraua. Bertan, Bizkaiko hainbat rock taldek parte hartu zuten haien disko edo kantu kutunak moldatuz. Esate baterako, Capsula taldeak Bowieren Ziggy Stardust and the Spiders from Mars diskoa moldatu zuen maisuki. Gaur, ostegunean hasi, hilak 12, eta ekainean amaituko den bigarren edizioa aurkeztu dute Bilbon.

Herri Irratiko Javier Corral Jerry kazetaria eta ekimenaren koordinatzaileak adierazi duenez, aurten zenbait nobedade izango dira. Hasteko, bigarren ziklo honetan Bizkaitik kanpoko zenbait taldek ere parte hartuko dute, Soulbreaker Company arabarrek, Discipulos de Dionisos gipuzkoarrek, eta Muy Fellini arabarrek, hain zuzen ere.

Bestetik, kontzertuen egoitza nagusiari (ARTERIA Campos Eliseos aretoa) Kafe Antzokia gehitu zaio. “Logikoa zen Antzokia gehitzea, plus bat da formatuen eta ordutegien aldetik”, azaldu du Corralek.

Hirugarren nobedade bat ere bada. Izan ere, zikloa ostegunean hasiko da, hilak 12, eta emanaldia berezia izango da: egun horretan Bilboko Koroaren baitan dagoen Euskeria Koro gazteak pop eta rock kantuak moldatuko ditu, Laboa, Hertzainak, Itoiz, Abba, Elton John edo Beatlesen kantuak, besteak beste.

Gainontzeko kontzertuei dagokienez, urtarrilaren 20an, Ke No Faltek Bob Marleyren kantu ezagunenak moldatuko ditu Kafe Antzokian, eta 26an, Sweet Oblivionek Nanct Sinatra & Lee Hazlewooden kantuak joko ditu ARTERIAn.

Otsailaren 3an, berriz, Midnight Roadek The Beatlesen kantuak joko ditu hard rock erara, eta Soulbreaker Companyk Pink Floyd ekarriko du bere estilora. Azkenean, bi taldeek Animalsen doinuak joko dituzte batera. Kontzertua Kafe Antzokian egingo da.

Otsailaren 9an, halaber, ARTERIA aretoak Edu Basterra hartuko du 70eko hamarkadako Glam tankerako doinuak moldatzeko, tartean, T. Rex, Slide edo Gary Glitter.

Martxoari dagokionez, hilaren 1ean punk eztanda izango da Kafe Antzokian: Motorsexek Sex Pistols moldatuko du eta Discipulos de Dionisosek The Misfits.

Apirilean, amaitzeko, The Fakebandek The Band taldearen Last Waltz filmeko kantuak joko ditu eta Rubiak Carole Kingen doinuak bereak egingo ditu.

Egitarauan parte hatzen duten talde guztiek, bertsioak ez ezik, haien kantu propioak ere joko dituzte. Horrez gain, Corralek iragarri du ekainean euskaraz abesten duten bi taldek joko dutela, baina ezin izan ditu izenak iragarri, “taldeak lotzen ari gara”. Datorren ikasturtera begira hirugarren ziklo bat egiteko asmoa ere iragarri dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button