BESTELAKOAK

Ekimen kulturalez josita dator Foru Liburutegiaren programazio berria

Makina bat jarduera programatu dituzte Foru Liburutegian kultura bere osotasunean garatzeko. Aurten, BizkaIdatz literatur sariaren laugarren edizioa, Irakurketa Txokoa, tailerrak eta erakusketak, Letrak eta Futbola topaketen bigarren zikloa eta hainbat gairi buruzko ikastaroak izango dira antolatu direnak.
"Balio kultural itzela duen programazioa atondu du Foru Liburutegiak, gogoeta eta sormena bultzatzeko helburuarekin", azpimarratu du Jon Iñaki Zarragak aurkezpenean.

Literaturaz beteriko ekimenak antolatu dira. Irakurketa Txokoa idazle eta irakurleen topalekuak izaten dira. Aurten, besteak beste, Yurre Ugarte, Bernardo Atxaga, Eider Rodrigez, Anjel Lertxundi, Luisa Etxenike eta Eli Tolaretxipi hurbilduko dira txoko horretara. Gaur bertan, 19:00etan, Kepa Murua eta Jose Fernandez de la Sota bilduko dira.
Paraleloki Euskara Irakurle Taldeak antolatu dira udaberrian eta udazkenean, irakurri eta horren inguruan hitz egiteko helburu sinplearekin. Luxo Egia eta Juanra Madariaga izango dira arduradunak, hurrenez hurren.

Bizkaidatz IV. Saria ere antolatuko da aurten. Bizkaiko Foru Aldundiak sari hau abian jarri du alde batetik bizkaitarren sormena sustatzeko, eta bestetik, bi egun azpimarragarri ospatzeko: Liburuaren Nazioarteko Eguna (apirilaren 23an) eta Liburutegiaren Nazioarteko Eguna (urriaren 24an).
Lehiaketa honetan egileak proposatzen duen istorioa jarraitu behar da, euskaraz edo gaztelaniaz. Kontakizuna Katixa Agirrek hasiko du euskeraz eta Alex Oviedok gaztelaniaz.
Lanak 2012ko otsailaren 18a baino lehen aurkeztuko dira. 3.000 euroko saria dago tartean eta 1.000 euroko bi accesit.

Erakusketei dagokienez, Zinea eta Literatura, Liburu Marraztuak, Jaio ginen hamarkada prentsan eta Euskal Mitologia guztiontzat izenekoak paratuko dira.
Ez dira tailerrak eta ikastaroak faltako, hala nola Irakurketarako adierazpen ikastaroa, Emakumeen literatura ikastaroa edota Argitalpen tailerra.

Foru Liburutegiaren kultur programazioa orain dela hiru urte abiatu zen eta modu arrakastatsuan garatu da orain arte, erabiltzailearen eskakizunei modu zehatzean erantzunez.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button