MUSIKA

Izaki Gardenak taldeak disko berriko kantu bat aurreratu du

Gasteizko Izaki Gardenak bandak Dena oskol izenburuko diskoa plazaratuko du azaroaren 29an. Gasteiztarrek, baina, diskoari izenburua ematen dion kantua aurreratu dute, eta jada sarean entzun daiteke (beherago doinu hori txertatu dugu). Dena oskol taldearen iraupen luzeko hirugarren lana izango da.

Uhinak Komunikazioak jakinarazi duenez, diskoak zortzi abesti bilduko ditu, Sevillako La Mina estudioan jasoak, Raúl Pérez teknikariaren gidaritzapean, zeinak estatuko hainbat talderekin aritu den, tartean, Pony Bravo, Maika Makovski eta Guadalupe Plata.

Disko berria, gainera, eratu berri den Erraiak diskoetxearen markapean argitaratuko da. “Xehetasun guztiak zaindu nahi izan dituzte, bai soinu aldetik eta baita edizioari begira ere: Dena oskol biniloan eskuratzeko modua izango da”.

Izaki Gardenakek Americana generotik edaten duen folk eta rock klasikoa jorratzen du, eta orain arte ondoko grabazioak plazaratu ditu: Itsasargiak (Oihuka, 2012), Amaieratik hasi (Oihuka, 2013), Elkar Estudioa Sesioak (Elkar, 2014), Aurri gara (Oihuka, 2015) eta Oinak lurrean / Bihotz (2016).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button