MUSIKA

Izaki Gardenak taldeak “Dena oskol” lana plazaratu du

Gasteizko Izaki Gardenak bandak Dena oskol izenburuko diskoa  argitaratu du, eratu berri den Erraia diskoetxearen bitartez. Taldearen iraupen luzeko hirugarren lana da, eta LP formatuan eskuratzeko aukera izango da.

Diskoak zortzi abesti bilduko ditu, Sevillako La Mina estudioan jasoak, Raul Perez teknikariaren gidaritzapean, zeinak estatuko hainbat talderekin aritu den, tartean, Pony Bravo, Maika Makovski eta Guadalupe Plata. Taldearen buru Jon Basagurenen aburuz, ametsa betetzea izan da Raul Perezekin aritzea. “Perezek asko eman zion diskoari, (…) soinuetan eta konponketetan gehienbat”.

“Momentu batzuk ez dira sekula memoriatik ezabatzen, eta uste dut masterra etxeko salako bozgorailuetan entzun genuenekoa horietako bat izango dela”, azaldu du Basagurenek. Entzuleak bestelako giroak antzeman ditzake Izaki Gardenaken hirugarren urrats honetan. Hala, ohiko country eta folk ezaugarriez gainera, diskoan berritasunak igartzen dira. Diskoak bide berriak erakusten ditu, kantuak landuagoak dira, baina nobedade handiena zortzi kantuak estaltzen dituen soinuan edo atmosferan nabaritzen da.

Izaki Gardenakek Americana generotik edaten duen folk eta rock klasikoa jorratzen du, eta orain arte ondoko grabazioak plazaratu ditu: Itsasargiak (Oihuka, 2012), Amaieratik hasi (Oihuka, 2013), Elkar Estudioa Sesioak (Elkar, 2014), Aurri gara (Oihuka, 2015) eta Oinak lurrean / Bihotz (2016).

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button