ARTEA

Itziar Okarizen erakusketaren amaiera berezia, Tabakaleran

Tabakalerak Itziar Okariz artistaren I Never Said Umbrella erakusketa abiatu zuen otsailean. Beatriz Herraez arte historialariak komisariatutako mostrak aurrez egindako lanak eta ekoizpen berriak bildu ditu, eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Hortaz, I Never Said Umbrella ekainaren 3an itxiko da. Horren inguruan, ekainaren 1ean eta 2an Ahots bat baino gehiago izeneko jarduera programa izango da: mahai ingurua, hitzaldia, performancea, antzerki emanaldia… hainbat gonbidaturekin.

I Never Said Umbrella izenburua gaizkiulertu batetik sortutakoa da, David Bowieren New Killer Star kantuaren errepikaren interpretazio oker batetik. Erakusketaren izenburua, eta baita espazioaren diseinua ere, Okarizen lanean nolabaiteko eragina duten musikaren eta zinemaren munduko erreferentziei egindako keinua da.  Tabakaleraren esanetan, “bere lanean aurki daitezkeen iturri eta erreferenteen artean literatura eta pentsamendu feministaren inguruko izenak daude, baita musika eta lengoaia zinematografikoari lotutakoak ere. Azken urteotan, halaber, bere praktikak lotura estua izan du artearen transmisio-moduekin eta artearen pedagogiekin, beste artista batzuekin zuzendu dituen tailerren bitartez”.

Ahots bat baino gehiago izeneko jardueretan  Itziar Okariz bera eta Beatriz Herraez erakusketaren komisarioa izango dira, bai eta Lola Hinojosa, Beatrice Dillon, Carmen Pardo eta Hugues Decointet ere. Ekainaren 1ean, 19:00etan, mahai-inguruan bilduko dira Itziar Okariz, Beatriz Herraez eta Lola Hinojosa (Reina Sofia Museoko Arte Performatiboen bildumaren arduraduna), Oier Etxeberria, Tabakalera proiektu artistikoaren arduradunak moderatuta. Ondoren, Beatrice Dillon musikariak Can I Change My Mind? pieza aurkezteko entzunaldia eskainiko du. Hurrengo egunean, ekainaren 2a, Carmen Pardo soinu-artean adituak hitzaldi bat emango du. Ondoren, Itziar Okarizek erakusketako pieza berrietako baten osagarri gisa Ujjayi perfomancea egingo du erakusketa-aretoan.

Programari amaiera emateko, larunbat arratsaldean, Guy de Cointet (Paris 1934 – Los Angeles 1983) artistaren bi antzerki pieza eskainiko dira zinema aretoan, Euskal Herrian lehen aldiz: My Father’s diary (1975), Sarah Vermandes-ek antzeztua, eta Going to the Market (1975), berriz  Mary Ann Duganne-k.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button