LITERATURA

Itxaso Martinek bere lehendabiziko eleberria argitaratu du

Itxaso Martin Zapirainek (Donostia, 1981) ni, Vera (Elkar) izenburuko estreinako nobela argitaratu du. Argitaletxearen blogean jasotako elkarrizketan idazleak berak dionez, bi pertsonaia nagusi daude eleberrian, Martina eta Vera, eta bi horien inguruan ardazten da istorioa.

Biak ala biak autorearen zantzu autobiografikoak agertzen dituzte. “Vera nire birramona dela esan daiteke. Hari gertatutakoan dago oinarrituta eleberria, hori izan nuen abiapuntu. Martina, berriz, gehiago fikzionatu dut; Vera izan da ardatza etengabe, eta horren arabera eraiki ditut Martina eta bere ingurua. Bi emakume horien arteko harreman berezia da liburuak kontatzen duena”.

Izan ere, Martina erotzekotan dagoen emakumea da. Ez daki zer duen edo zer gertatzen zaion. Egoera latz horren aurrean, psikologoarenagan joko du. Eromena bera ere, funtsezko elementua da liburuan: “Asko irakurri dut eromenaren inguruan, autobiografiak eta psikiatriari buruzko idatziak. Horrek asko lagundu dit. Nik ere izan ditut zurrunbiloan sartuta eman ditudan urteak, esperientzia baino sinesgarriagorik ez dago. Esango nuke bien arteko nahasketarekin lortu dudala hori”, esan du idazle donostiarrak.

Itxaso Martin Zapirain Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Gizarte Kultur Antropologian lizentziatua da. Egun, emakumea eta psikiatria gaiari buruzko doktorego tesia egiten ari da. Kazetari lanetan ere aritzen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button