LITERATURA

Iturralde eta Arraizen lanek argia ikusi dute

Aste honetan bi lan berrik ikusi dute argia. Joxemari Iturraldek Jamaikako neska (Pamiela) izeneko lan kaleratu du, eta gaur berton, Hasier Arraizek Maitasun keinu bat besterik ez (Erein) aurkeztu du Donostian.

Joxemari Iturralderen obraren korapiloa honakoa duzue: “Dafne Zorregieta Rondaall, horixe da ene izena, aita euskaldun erbesteratu baten alaba naiz eta Mexikon finkaturiko familia daukan holandar ama batena. Hortxe ezagutu zuten elkar nire gurasoek, Cuernavacan, amak garai abenturazale, hippy eta ero samarra izan zuenean eta aitak leku guztietatik ihes egiteko joera hartu zuen hartan, horixe izan baitzen eta baita munduan barrena ibiltzeko daukan joera, bere ezaugarri nagusietakoa, batetik bestera mugituz alde egitekoa, alegia. Mexikotik alde egin beharrean aurkitu zen, berak aitortzen zuenez, une zehatz batean eta arrazoi jakin batengatik, eta Jamaikan pausatu zituen oinak. Amak atzetik jarraitu zion Luzea hiriraino, eta bertan jaio nintzen ni. Gero, zenbait urte pasatuta, banandu egin ziren. Luzea euskal hitza da, nire jaioterrikoek jakin ez arren. Aitak esaten zuen luzea euskaldunei ongi datorkien hitza dela, hauetarik asko, ia gehienak, luzeak direlako garaieran eta… sudur tamainan. Bera sudurluzea zen eta neu ere halakoxea naiz, nahiz eta sudu txikiagoa dudan, bistakoa baita Kirstin amak zertxobait lagundu zuela nire sudurraren tailua txikiagotzen, eskerrik asko, mam! Luzea, baita ere, hiri baten izena da. Baina ez dago Euskal Herrian, ez espainiar aldean ezta frantziarrekoan ere. Luzea Jamaikan dago. Hantxe jaio nintzen ni. Ez naiz luzaro bizi izan uharte hartan, baina denen aurrean beti izan naiz ni Jamaikako neska”.

Erein argitaletxearen esanetan, “duela urte batzuk Hasier Arraiz euskal politikan aurrera samar aritu zen. Oraingoan, bere eskutik datorren liburuan, euskal literaturan eratutako azken narratzaile belaunaldiarekin topo egingo du irakurleak, baita literatura (eta kultura oro har) ulertzeko modu zehatz batekin ere. Arraizek pentsatzen baitu kultura ere errealitateari aldaketak eragiteko eremua izan daitekeela. Horregatik aztertzen du saiakera honetan kontakizun garaikideek euskal subjektibitateetan duten garrantzia.
Hala, Arraizek gero eta arrotzagoa zaigun mundu hau ulertzeko eta azaltzeko euskal ikuspegi baten bila egiteko bidea proposatzen digu, horretarako azken hamarraldietan gure gizartearen baitan indarkeriek hautsi dituzten zubiak berreraikitzeko lana eginez eta komunitate gisa marrazten gaituzten ezaugarriak eraberrituz. Eta bide hori egiteko, idazleak iradokitzen digu literatura (eta kultura) ibilgailua ez bada, bidaide ezin aproposagoa izan daitekeela”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button