ESZENA

“Itsasoaren Emazteak” eta “Materialinflamable”

Gaur bertan, Markinan, Itsasoaren Emazteak (Oinkari Dantza Taldea eta Hika Teatroa) lanaz gozatu ahalko duzue. Bertan, Oinkari dantza taldearen 50 dantzari, Miren Gogenola eta Agurtzane Intxaurraga aktoreak eta Pello Ramirez, Angel Unzu, Xabier Zeberio eta Fredi Pelaez musikarien soinuak bilduko dira.
Ikuskizun honek, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu.

“Kresal usaineko emakumeen historia da gurea. Haien begietatik dantzatu nahi izan dugu, euren ahotatik kantatu, edota euren esku minberatuen azal gazitik hitz egin. Itsasoaren emazteak dira, kostaldeko bizitzaren piper eta gatza. Saregileak ofizioz, sardinerak afizioz…” esan dute OINKARI dantza taldeko kideek.

Lan hau, honezkero,  CD eta DVD batean bildurik dago. “Abesti bakoitzak duen indarra eta sentimendua, DVDtik kanpora ere, CD batean gorde nahi izan dugu, doinu bakoitzak bere horretan itsasoan murgilduko zaituelako. Bigarrenean aldiz, uztailean Leidorren (Tolosa) OINKARI dantza taldeak eta HIKA Teatroak estreinatu zuten emanaldia ere badator oso-osorik”, esan zuten lanaren aurkezpen egunean.

Beste aldetik, Guillermo Weickert dantzariaren Materialinflamable obra ikusi ahalko da asteburu honetan Bilboko La Fundicion aretoan. Urtarrilaren 11n, 20:00etan eta urtarrilaren 12an, 19:00etan.

Dantzariak hauxe sentitzen du dantzarekin: “Dantza egitea txinparta bat piztu eta gar bihurtu dadin itxarotea bezalakoa da, sua piztu dadila eta eszenatokia argitu dezan itxarotea, eta su handiek egiten duten bezala gure zentzumenak harrapatzea, gure irudimena konprometitzea eta eguneroko bizitzan aurkitzen ez dugun edo hitzez izendatu ezin dugun zerbait gehiago hori argitzea. Kontua ez da ezer erakustea. Dena ahaztu eta argi horren isletako batean desagertzea da kontua, ikusleak dantza ikustea lor dezan.”  

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button