ESZENA

“Itsasoaren Emazteak” emanaldiaz

Ikuskizun honek, euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, Euskal Herriko kostaldeko arrantzaleen emazteen bizipenak kontatzen ditu.
Berrogeita hamar dantzari, lau musikari eta bi aktore bildu dira taula gainean olatuaren joan etorrian, josi eta josi sareetan barrena historia bizi eta hunkigarria harilkatuz.

“Kresal usaineko emakumeen historia da gurea. Haien begietatik dantzatu nahi izan dugu, euren ahotatik kantatu, edota euren esku minberatuen azal gazitik hitz egin. Itsasoaren emazteak dira, kostaldeko bizitzaren piper eta gatza. Saregileak ofizioz, sardinerak afizioz…” esan dute OINKARI dantza taldeko kideek.

Lan honetan Pello Ramirez musikariak espresuki egindako abestiak dira entzungai. “Hasieratik izan genuen oso garbi emanaldi berriak hiru zutabe nagusi izango zituela: dantza OINKARI Dantza Taldearen eskutik, dramaturgia Agurtzane Intxaurragaren eskutik (Hika teatro), eta zuzeneko musika Pello Ramirezen eskutik. Lehen bilera haietako batean, hiru aldeak mahai inguruan eserita geundela, Pello Ramirez, buruan dantzan zituen doinu batzuk jotzen hasi zen. Begiak itxi eta guztiok sentitu genuen itsasoaren olatuen joan-etorria. Musika hark itsasoratu gintuen. Nota haiek aurkeztu ziguten emanaldiko gaia zein izango zen”.

Tolosan egin zen emanaldi hura, orain CD eta DVD batean bildurik dago. “Abesti bakoitzak duen indarra eta sentimendua, DVDtik kanpora ere, CD batean gorde nahi izan dugu, doinu bakoitzak bere horretan itsasoan murgilduko zaituelako. Bigarrenean aldiz, uztailean Leidorren (Tolosa) OINKARI dantza taldeak eta HIKA Teatroak estreinatu zuten emanaldia izango duzue ikusgai oso-osorik”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button