ESZENA

Emanaldi koreografikoak Lasarten eta Zarautzen

Dantzaren XV. Zirkuituak Ertza konpainiaren Meeting Point  eta Matxalen Bilbaoren Fugas koreografiak eskainiko ditu gaur, hilak 4,  Lasarteko Okendo plazan. 19:00etan izango da Ertza konpainiaren ikuskizuna, eta ordu erdi geroago, Matxalen Bilbao koreografoaren txanda izango da.

Meeting Point lana Leioako  XVIII. Umore Azokak saritu zuen Euskadiko Kale Ikuskizunik Onenaren atalean, eta bertan, jendeak topo egiten duen tokiez, hori gerta dadin gurutzatu behar diren putzuez, eta itxaron behar den denboraz hausnartu nahi da. “Herrialde berdinetik, baina elkarren artean urrun dauden bi hirietatik datozen bi gaztek, 8.000 kilometroko putzua gurutzatu behar izan dute eta urte batzuk pasatzen utzi, planetaren beste punta batean topatu, elkar ezagutu, eta elkarren loturak aurkitzera iristeko. Eta konturatzeko nola askotan, gure bizitzako labirintoa osatzen duten bideak, besteenarekin gurutzatzen diren, eta hortik aurrera, pertsona berriak bilakatzen garen”.
Break dance eta hip hop bezalako lengoaiak nahasten diren leku berri hori deskubritu eta dantza garaikidearen begiradapean espazio berriak sortzen dira.

Matxalen Bilbaoren Fugas koreografiak aldiz, taldearen eta banakoaren erlazioak hausnartzen ditu, haien artean bateratzeak, baita desadostasunak ere. “Loturak, migrazioak eta konposizio eskultorikoak dira inspirazio iturri”. Hala, elkar bilatu, jarraitu eta egoera ezberdinetatik igaroko den taldearen eszena irudikatu nahi izan du. “Batzuetan lotuta, beste batzuetan bereizita baina beti gertu”. 2018ko Dantza Piezarik Onenaren saria lortu zuen La Danza Inunda Santander zirkuituan, La Espiral Contemporánea jaialdian.

Eta larunbaterako ere Dantzaren XV. Zirkuituak iragarri du ikuskizunik. Oraingoan Zarautzeko Munoa Plazan, No sin mis huesos ikuskizuna eskainiko du Bartzelonako Iron Skulls Co. Dantza taldeak. Koreografia hori, Miguel de Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrenean haren omenez egindako pieza bat da. Konpainia honek idazlearen biografia berrikusi eta haren historiaren eta Espainiako Urrezko Mendeko testuinguru soziopolitikoaren eragina jasotzen du pieza honetan. Bertan aurkitutako sorkuntza-gai nagusiak erlijio eta armada kontzeptuak dira.

Antolatzaileek argitu dutenez, “dantzaz kanpoko elementuen fusioarekiko grinak paradigma berri batzuetarantz bultzatzen gaituzte eta ekoizpen geroz eta handinahiagoak sortzen ari dira arte eszenikoen alorrean”.

Informazio gehiago, hemen duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button