Nontzeberri

Itsasadarra, arkitektura eta identitatea eskutik datoz “Bilbao Open House” ekimenean

Open House Bilbao jaialdiarekin, Bilbok, Barakaldok eta aurten estreinakoz Getxok, euren hirietako eraikin eta espazio esanguratsuen ateak zabalduko dituzte datorren irailaren 28 eta 29an.

Itsasadarrak lotzen dituen hiru hiri horien kultura, ondarea eta identitatea ezagutzeko itsasadarra bera izango da aurten ere jaialdiaren hari nagusia. Hala, 81 eraikinek irekiko dituzte euren ateak eta itsasadarretik zehar ibilbidea eginez, asteburu osoan eraikinak doan bisitatzeko aukera izango da Bilbon, Barakaldon eta Getxon, Open House Bilbao, Bizkaiko arkitektura jaialdirik handienaren eskutik

Edizio berriaren aurkezpen ekitaldian izan dira, Eusko Jaurlaritzako, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ordezkaritzatik  Pedro Javier Jauregui Fernandez; Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendari Nagusia, eta Bilboko, Barakaldoko eta Getxoko ordezkari gorenak ere: Juan Maria Aburto, Amaia del Campo, eta Amaia Aguirre alkateak.

Andoni Iturbek azaldu duenez, atzo aurkeztutako Ondarea Plazara ekimenarekin batera, ekimen hau ere,  “Aldundiak udazken honetan  gure kultur ondarea ezagutarazteko ahaleginetan antolatu duen Udazken kulturala ekimenaren barruan kokatu behar da,  gure lurraldeko identitatea, garapena, ondarea eta kultura, hirigintza eta arkitekturaren bitartez,  hobeto ezagutzeko aukera paregabea ematen duena”.

Aurkezpen agerraldian jaialdia garatuko den hiru hirietako alkateen ahotik entzun ahal izan da hiri hauetan bisitatu ahalko diren eraikin eta espazio esanguratsu batzuk. Hala,  Bilbon, 53 eraikinen ateak zabalduko zaizkie hiritarrei, “hirian ditugun eraikin pribatu zein publikoek ezkutatzen dituzten altxorrak bistaraziz”, azpimarratu du Aburto alkateak. Eraikin horien artean daude, Euskal Museoa, La Bolsa eraikina, Cavako Etxeak, Misericordia Etxe Santu eta Erreala, Deustuko Unibertsitate Literarioa, Bidebarrietako Udal Liburutegia edota Bilboko Udaletxea bera, beste batzuen artean.

Bere aldetik, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, “hiriaren iragan industriala eta hiriak azken hamarkadetan izan duen birmoldatzea ezagutzeko”, jaialdia berebiziko aukera dela azpimarratu du. Hala, itsasadarraren industrializazioa jarriko da erakusgai edizio honetan, eta Labe Garaietako eraikinak eta  Orconcera eta Sefanitro zamatze tokiak ez ezik, nekazaritzazko eta abeltzaintzazko iragana ere balioan jarriko dira bere dorretxe-baserrien bidez.

Getxok estreinakoz parte hartuko du ekimenean, eta bere alkatea pozik agertu da ekimenaren parte izategatik. 13 eraikinen ateak zabalduko ditu Getxok, “Getxoko identitatearen baina baita ere, arkitekturaren eta diseinuaren garapenaren adierazgarriak guzti-guztiak”, Amaia Aguirre alkatearen hitzetan. Hala, Santa Ana Ermita, Bake Eder Jauregia, Etxe Sorgindua, Santa Clara Jauregia, Leioako Artaza Jauregia, Punta Begoña Galeriak, Los Rosales Etxea, Getxoko Udaletxea, edota Andres Isasi Musika Eskola izango dira beste batzuen artean bisitatu ahalko diren eraikinak.

Bisitak egiteko izena ematea beharrezkoa izango da hiru hirietan. Horretarako, eta informazio osoa jasotzeko, openhousebilbao.com web atarira jo dezakezue.

Exit mobile version