MUSIKA

Itsas doinuak nagusi, Getxoko Habanera Jaialdiaren barruan

Ostiralean hasiko da Bizkaiko kostaldeko Getxo herrian 33. Habanera Jaialdia, eta bertan itsas doinuak izango dira protagonista. Muxikebarri zentroko Ereaga aretoan bilduko dira irailaren 13tik 15era Peix Fregit eta Mestre D’Aixa taldeak eta Itxartu eta Ondarreta abesbatzak.

Peix Fregit taldeak zabalduko du jaialdia ostiralean, hilak 13. Taldea 1974. urtean sortu zen Palafrugellen (Girona) eta makina bat jaialditan hartu du parte. 15 disko baino gehiago grabatu ditu, azkenak Tal com sona du izena.

Hurrengo egunean, hilak 14, Mestre D’Aixaren txanda izango da. 1981. urtean sortutako taldeak profesionalizazio maila lortu du.  Bere barnean ahots mistoak, akordeoia, gitarrak eta perkusio elementuak biltzen dira, eta bere estiloan habanera, itsas-erritmoak, kanta herrikoi eta tradizionalak ez dira faltako.  Halarik ere,  “bide berriak uztartzen ditu konposizio propioekin eta katalanez abestutako musika pieza ezagunen moldaketekin”.

Azken egunean, hilak 15, saio bikoitza eskainiko du jaialdiak, eta bertoko bi talde arituko dira: Itxartu eta Ondarreta abesbatzak (Jesus Antruejok eta Iñaki Morenok zuzenduta, hurrenez hurren). “Biek erakutsiko dute zein ondo moldatzen diren itsas doinuak abesten eta zer nolako errotze indartsua duten kanta horiek gure herrian”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button