ARTEA

“Itineracciones” proiektua aurkeztuko da asteburuan Zuhatzu-Kuartango bainuetxean

Ekinean Ibiltari esku-hartze eta esperimentazio artistikoko programaren jarduerak estreinatuko dira asteburuan Araban. Hala, Txaro Arrazola, Iñaki Larrimbe eta Nerea Lekuona artistek sortutako Itineracciones proiektua aurkeztuko da larunbat honetan, irailak 15, Zuhatzu-Kuartango bainuetxean.  

Proiektuak Arrazola artistaren performance eta Weeble Wobble (Orekaren gainean) erakusketa jasotzen ditu. Abuztuaren bigarren hamabostaldian Añana Kuadrillako gune berreskuratuan lantegi irekiaren formatuan egiten aritu den lanaren emaitza da. Weeble Wobble izenburuaz, izaera hibridoko artelanek osatzen dute erakusketa eta formatu handiko marrazki eta hiru dimentsioko piezak dira bertan jasotzen direnak. Hortaz, 18:00etan eskainiko duen hitzaldian, Txaro Arrazolak eta Andrea Abalia gonbidatuek erakusketaren xehetasunak eskainiko dituzte. 19:30ean, performancea, Kuartangon egin duen lanaren pieza garrantzitsuetako bat erakusteko: giza tamainako poliesterrezko hiru dimentsioko tente-potente bat. Eta 20:00etan, bere erakusketaren inaugurazio ekitaldia egongo da. Urriaren 15era arte egongo da ikusgai.

Ekinean ibiltari Artium Museoak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak bultzatutako ekimena da, eta bere xede nagusia, “arte garaikidearen eta lurraldearen arteko elkarreraginerako esparruak sustatzea da, landa-inguruarekiko, inguru naturalarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz”, azaltzen dute antolatzaileek. Horren bitartez, “ezohiko esparruetan jarduera artistikoa garatzea, bertako sorkuntza bultzatzea eta sorkuntza eta gogoeta garaikidea Arabako gizartearengana hurbiltzea da, landa ingurura, bereziki”, gaineratzen dute.

Arrazolaren, Lekuonaren eta Larrimberen esku-hartze artistikoez gainera, Arabako lurraldeetan barrena ere hainbat jarduera egingo dira Ekinean Ibiltarirekin.

Hala, Garaion, Ataurin eta Nerbioi Ibaiaren Parke Linealean, Unofficial Tourism Araba, Iñaki Larrimbek proposatzen duen ibilbide berezia; Ullibarri Ganboako urtegia egitean ur azpian geratu ziren herrien irudien bila Nerea Lekuonak egin duen ikerketa lanari buruz Sumergidos hitzaldia, edota Itineraccionesen barrena BusTour bat, besteak beste.

Programazioaren informazio gehiago hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button